Apirilak 28 – Lan osasun eta segurtasunaren nazioarteko eguna

324

Gaur, LAB, ESK, STEILAS, EHNE-ETXALDE eta HIRU sindikatuok Hego Euskal Herriko lau lurraldeetan elkartu gara, lan osasun eta segurtasunaren nazioarteko eguna aldarrikatzeko mobilizazio ezberdinen bitartez, salaketa ezberdinei ikusgarritasuna adierazi nahian. Gai asko daude enpleguan langileok dugun osasunarekin erlazionatuta, baina gaurkoan in-itinereko istripuak, altueretako erorketak, zaintzarekin erlazionatutako gaixotasunak eta hemen Bilbon, hezkuntza alorrean lanak sortarazten dituen arrisku psikosozialak salatzeko elkartu gara.

Maiz entzuten dugu hezkuntzako langileok lan baldintza onak ditugula, bereziki beste sektore batzuetan baino oporraldi luzeagoa izateagatik. Alta, arrisku psikosozialei dagokienez, arrisku maila oso altua duen sektorea da gurea.

Datuek erakusten dutenez, lan-karga handitzearen, ratio altuen eta lan-baldintzen okertzearen ondoriozko estresak, presioak, antsietateak, gatazkak, erasoak eta bestelako arazoek (zaratek, antolakutza ezaren zein formakuntza ezaren ondorioek) gora egiten dute etengabe eta horren ondorioak gero eta nabariagoak dira.

Gogoratu behar dugu hezkuntza oinarrizko eskubidea dela, ezinbestekoa bai gizabanakoaren garapenerako, baita herri baten gizarte-eredua eraikitzeko ere.

Hala, jendarteak dituen arrakala eta arazoei aurre egiteko bide eraginkortzat ditugu ikastetxeak eta haurreskolak, eta horrela egozten dizkiogu hezkuntzari zenbait propietate magiko, baina tamalez bertako langileak zainduak izan gabe jarraitzen dugu.

Sukalde eta garbiketako langileak pandemia garaian ezinbesteko langile bezala izendatu gintuzten, hala ere, egun, iraganean bezala ikusez¡nak gara; lan karga gehiegi eta ordutegi luzeenak ditugun langileak gara.

Hezkuntza premia berezietako hezitzaile kolektibo desberdinon kasuan, berriz, ratioak jaitsi behar dira eta gure funtzioak zehaztu, izan ere, gero eta ikasle gehiago artatu behar baititugu baliabide berdinekin.

Irakasleok, berriz, gehiegizko burokratizazioari aurre egin behar diogu, baliabide gehigarririk gabeko hainbat plan eta protokolo garatu behar dugu eta eskola-segregazioak eragindako hainbat kasuistika kudeatzeko baliabide falta dugu. Gainera, hezkuntzaren konplexutasun gero eta handiagoak eskatzen duen lanak kaltetzen gaitu.

Haurreskoletan aldiz, orain urte batzuk egin zen arrisku psikosozialen azterketa bukatu ondoren, honen emaitzak argitaratu gabe gelditu ziren eta ondorioz ez zen langileon arriskuak saihesteko neurri zuzentzailerik aplikatu.

Unibertsitatetan ere aipatzekoak dira estresak sortzen dituen gaixotasunak.

EHUn urruti geratu zen arrisku psikosozielen azterketa eta handik atera ziren neurri asko ez dira oraindik aplikatu. Irakasle ikertzaileen kasuan tesia egiteko eta akreditatzeko presioak antsietate arazoak sortzen ditu ikerketak erakusten duen moduan.

Baina, baliabide falta eta gehiegizko lan-kargaren eraginez ikastetxeetan osasun mentaleko profesionalen presentziaren beharra gero eta nabariagoa den arren, Hezkuntza Sailak eta patronalek ez dute inolako ikerketarik egin, ezta arrisku-maila murrizteko planik ere. Ikastetxeetan langile ezberdin asko gaude: atezainak, administrariak, hezkuntza premia bereziko hezitzaileak, sukaldariak, irakasleak, garbitzaileak eta gainerako hezitzaileak . Administrazioak eta patronalek ez dituzte aintzat hartzen langileen arazo psikosozialak. eta ondorioz, langileontzako osasun-baliabideak ez dira inondik inora ere nahikoak.

Laneko arriskuen prebentzio zerbitzu desberdinak guztiz ez nahikoak dira hezkuntza sektorean. Ikastetxeetan edota haurreskoletan izandako istripuak edota in-itinere gertatutakoez gain, ez da aintzat hartzen bestelako gaitzik. Hezkuntza Sailari eta patronalei ez zaie interesatzen bere langileak nola dauden ikertu eta ezagutzea. Gogoratu behar dugu, MUTUAK entitate pribatuak direla, non enpresariak nagusi diren eta hainbatetan esaten diguten gaixo ez gaudela, oraindik gaixo jarraitzen badugu ere. Hezkuntza komunitateak babes handiagoa behar du, ezinbestekoa baita lan-baldintzak hobetzea hezkuntza-kalitatea bermatu eta hezkuntzako langileak zaintzeko.

GORA LANGILEON BORROKA!!!!

Euskal Herrian, 2024ko apirilaren 25ean