Aitortza Hezkuntzan ari diren langile guztientzat

1003

Gaur, hilak 1, Jokin Bildarratz Hezkuntza Sailburuak EAEko hezkuntza sistema osatzen duten etapa desberdinetako irakasleei aitortza egiteko ekitaldia antolatu du EAEko Lehendakariaren parte hartzearekin.

LAB sindikatuak ekitaldiaren aurretik kontzentrazioa egin dugu “Euskal Eskola Publiko Komunitarioaren bidean, denok gara hezitzaileak eta ezinbestekoak, lelopean”, irakasleak ez ezik, Hezkuntzako langile guztiok aitortza merezi dugulako.

EAEn Hezkuntza Hitzarmenaren eztabaida mahai gainean dugun garai honetan, haur hezkuntzako lehenengo ziklotik lanbide heziketa edota unibertsitateraino lan egiten dugun langile kolektibo guztien izaera hezitzailea azpimarratu nahi dugu, eta hezkuntza prozesuak garatzeko den-denok ezinbesteko garela aldarrikatu ere. Pandemiak oso argi utzi zuen denok garela hezitzaile eta ezinbesteko: sukalde eta jangeletako sukaldari eta begiraleak, garbitzaileak, administrariak, atezainak, irakasleak, haur hezitzaileak, heziketa bereziko kolektibo desberdinetako profesionalak, autobusetako gidari eta begiraleak, …

Jendartearen eta hezkuntzako langileriaren arteko konpromisoa berritu beharra dagoela uste dugu, estrategikoa den arlo honetan, hezkuntzan, bidelagun aritzeko. Langile kolektibo ezberdinen arteko desorekak zuzendu eta ikusezinak diren lanen aitortza eskatzen du LABek, bereziki feminizatuak diren arloetan langileen prekarizazioarekin bukatzeko neurriak hartuz.

Horretaz gain, azpikontratazioarekin bukatu beharra dago, lan-baldintzen ekiparazio eta homologazioan urratsak eman behar dira, langileen etengabeko formakuntzan sakondu, kontziliaziorako tresna eraginkorrak ezarri eta langileon egonkortasuna bermatu ikastetxeetako hezkuntza proiektuek aurrera egin dezaten. Hauek dira eraiki nahi dugun bestelako hezkuntza sistema batean langileon aitortzarako tresnetako batzuk.