Abenduak 14ko greba eta mobilizazio egunean parte hartzeko deia luzatu diegu sindikatuok hezkuntzako langileei

465

Hala adierazi dugu gaur, EAEko Hezkuntza Lege aurreproiektuarekiko desadostasuna agertzeko EAEko legebiltzarrean egin dugun elkarretaratzean.

EAEko Hezkuntzako gehiengo sindikalak elkarretaratzea egin dugu gaur Gasteizko legebiltzarraren aurrean.

Sindikatuok, EAErako hezkuntza lege aurreproiektuari ezezkoa esateko, eskaerak plazaratzeko eta Jaurlaritzak Legebiltzarrera bidali beharreko behin betiko lege-aurreproiektuan zein ondorengo Hezkuntza Legean eragin eta eskaera horiek jasoak izateko asmoz mobilizazio eta greba dinamika bat adostu dugu.

Azaroak 30eandeitutako greba eta mobilizazio egunak oso jarraipen zabala izan zuen. Bertan argi geratu zen Hezkuntzako langileen desadostasuna Hezkuntza Lege aurreproiektuarekiko.

Gaurko elkarretaratzea ere dinamika horren baitan kokatzen da. Eta sindikatuek Hezkuntza sistemako langile guztiak datorren Abendua 14rako deituta duten greba eta mobilizazioetan parte hartzera animatu ditugu. Balizko Hezkuntza Legea izango bada langileokin eraikitakoa izango delako.

Mobilizazio hauen helburua adostutako aldarrikapenak behin betiko aurreproiektuan zein Legean jasoak geratzea da. Izan ere, EAEko Hezkuntza lege-aurreproiektuaren zirriborroa aztertuta,egungo hezkuntza-eredu duala betikotu eta gainditze bidean jartzen ez duela baloratu dute hiru sindikatuek. Eta aldi berean, sare publiko bakar, euskaldun eta propiorako bidea egin beharko lukeen legea behar dugula  partekatzen dute. 

Hezkuntza Legearen behin-betiko aurreproiektuan sindikatuen aldarrikapenak jasoko ez balira, egindako mobilizazio eta greba dinamikak baloratu eta ondoren etorriko den Legebiltzarreko izapidetzean zehar, hurrengo mobilizazio dinamika definituko dute.

Legean jaso beharreko aldarrikapenak:

1.- Publikoa ardatz izango duen hezkuntza legea nahi dugu.

2- Segregazioari aurre egin eta gizarte kohesioa bermatuko duen legea nahi dugu.

3.- Publifikazio-marko eta araudi orokor eta adostua ezartzea nahi dugu.

4.- Hezkuntza lege propioa nahi dugu.

5.- Inbertsio eta baliabide nahikoa izango dituen hezkuntza legea nahi dugu.

6.- Euskara erdigunean jarriko duen Hezkuntza legea nahi dugu.

7.- Betebehar eta kontrol mekanismo zehatzak dituen legea nahi dugu.

8.- Hezkuntza sistema osatzen dugun langile guztion enplegua eta lan baldintza egokiak bermatuko dituen legea nahi dugu.

9.- Merkatuen interesen gidaritzatik eta enpresa pribatuen negozio esparrutik at egongo den hezkuntza legea nahi dugu.

10.- Hezkuntza lege parte-hartzailea nahi dugu, langileak aintzat hartuko dituena.