[AKORDIOAren dokumentua behean deskargatzeko 👇👇👇]
- Ekoizpenagatiko kontratuen luzapena eta Lanpostuen zerrenda handitzeko prozedura.
- Adinagatiko murrizketaren garapena
LABek Haurreskolak Partzuergoko mahai negoziatzailean Ekoizpenagatiko kontratuen iraupena luzatzea eta hezitzaileen adinagatiko murrizketei dagozkien akordioak sinatu ditu, ekainean LAB eta Hezkuntza Sailaren artean sinatutako akordio laboralaren edukien garapena mahaira ekarriz. Bi akordio hauek ez diote kaltetzen Lan Hitzarmen osoaren negoziazioari eta gainera jada indarrean daude. Izapidetza egingo da Lan Hitzarmenean txertatzeko.
EKOIZPENAGATIK KONTRATUEN IRAUPENA LUZATU ETA LANPOSTUEN ZERRENDA HANDITZEKO PROZEDURA ADOSTU DITUGU:
Dakizuen bezala, azken lan erreformak erabat mugatu ditu behin behineko kontratuak. Bertan jasotzen diren neurrien artean, ekoizpenagatiko kontratuen (Lan Metaketen) iraupena 6 hilabetera mugatzea jasotzen da. Legeak ordea, aukera ematen du mahai negoziatzaileetan adostuz gero, kontratu mota hauen iraupena urtebetera arte luzatzeko. Erreforma hau 2022az geroztik dago indarrean. Indarrean jarri zenean, LABetik argi genuen lehendabizi, Haurreskolak Partzuergoko hezitzaileen lanpostuen zerrendan hutsik zeuden lanpostuak LEP arteko kontratuekin bete behar zituztela, 6 hilabete baino gehiagoko beharrak estrukturalak zirela ulertuta. Bestetik, jakina da jaiotza tasa beheranzko joera duela eta zentzu honetan plantila mantendu eta egonkortzeko, etorkizunera begira, neurri zehatzak behar genituen.
2023-2024 ikasturtetik, LABek beste eragile batzuekin batera urteetan egindako borrokari esker doakotasuna ezarri da Haurreskolak Partzuergoan. Honek izugarrizko gorakada ekarri du matrikulazioan eta ondorioz plantila handitu da beharrei aurre egiteko. Izan ere, Haurreskoletan matrikulatutako haur kopurua hirukoiztu da. Honek Lanpostuen Zerrendan zeuden lanpostu huts guztiak betetzea ekarri du. Lanpostuen Zerrendan lanpostu hutsik egon ezean, ezin dira bakante berriak eskaini. Horregatik aurten produkzioagatikako kontratuak egin behar izan dituzte azarotik, nahiz eta hauek 6 hilabeteko gehienezko izaupena izan.
Bi arazo handiren aurrean topatu ginen beraz, azaro hasieran. Alde batetik, hurrengo urteetan sor zitezkeen behar estrukturalei aurre egiteko Lanpostuen Zerrenda handitzeko administrazioak proposatutako prozedura bat adostea eta bestetik, produkzioagatik kontratuak apirilaren amaieran bukatuz gero, haurreskolak behar bezala hornitzeko ezintasuna, kontratu hauek ezingo zirelako luzatu.
Ezin genuen bere horretan luzapena onartu, honek ez zuelako aukerarik emango etorkizuneko beharrak bete eta are gutxiago lanpostuak egonkortzeko. Nahi eta nahi ez Lanpostuen Zerrenda handitzeko neurriak hartu behar ziren eta behin behin behinekotasuna %5etik behera kokatzea akordio laboralean jaso bezala.
Lan handia eta proposamen desberdinak egin eta gero akordioa lortu dugu eta jadanik ekoizpenagatiko kontratuen iraupena (lan metaketak) 11 hilabete arte luzatu daiteke eta hauen bukaera data atxikitutako Haurreskolako azken lan eguna izango da. Horrez gain, eta lortutako akordioari esker, Haurreskola batean urtarrilean ekoizpenagatiko kontratua eginda badago eta hurrengo urteko urtarrilean beste bat egiten bada (Haurreskola berean) lanpostu hau estrukturala bihurtu, lanpostuen zerrendan txertatu eta Lep arteko kontratu gisa hurrengo irailean eskainiko da (zenbaketa hau 2024ko urtarriletik abiatuko da). Esan bezala, akordio honek jasotzen dituen neurriak indarrean daude eta ondorioz, indarrean dauden lan metaketa kontratuak luzatuko dira.
60 URTETIK GORAKO HEZITZAILEEN MURRIZKETAK
Lan Hitzarmeneko 52. artikulua aldatzen duen akordioa lortu dugu. Lan Hitzarmenaren negoziazioan bada LABen lehentasuna gazteberritzean aurrera pausuak ematea, eta zentzu honetan etengabe ekarpenak egin ditugu. Erretiro adina handitu eta erretiro partzialerako baldintzak gogortzen diren honetan ezinbestekoa da lan eremuan hausnartu eta neurriak hartzea.
Hezitzaileen kolektiboan egiten den lan fisikoa eta honek urteen eraginez lan osasunean izan ditzakeen ondorioak kontuan hartuz, aurrera pausu bat eman dugu eta egun 60 urtekik gorakoen arreta zuzeneko orduen murrizketa mantentzeaz gain, 63 urtetik gorakoentzat jardunaren hereneko murrizketa sinatu dugu, soldatan eta kotizazioan eragin gabe. Murrizketa hau erabatekoa da (etxera joateko). Gainera, langileak nahi izanez gero hau metatua hartu ahal izango du eta osorik gozatu dagozkion egunak ikasturte bukaera bakoitzean. Errelebo kontratua hartzeko baldintzak betetzen badira, indarrean jartzen den egunean bertan behera geratuko da.
Errelebo kontratua hartzerik ez duten hezitzaileek (baldintza guztiak betetzen ez dituztelako) jubilatu arte mantenduko dute murrizketa.
LAB sindikatutik beti gure prestutasuna adierazi dugu akordioak lortzeko eta zentzu honetan proposamen eraikitzaileak eta ekarpenak egin ditugu une oro. Orain, Lan Hitzarmenean, plantilak esleitzeko irizpideetan eta ordezkabidean jarriko dugu indar guztia. Urratsez urrats geratu gabe!
Lanak eta borrokak merezi dute!!!
AKORDIOA deskargatzeko: