EAEko irakasleak: akordio arautzailearen inguruko laugarren mahai negoziatzailea

479

Gaur, abenduak 18, ikasturteko laugarren mahai negoziatzailea izan dugu. Gai bakarra irakasleen lan baldintzak arautzen dituen akordioa izan da.

Nahiz eta akordioaren lehen 18 artikuluak landuak genituen, gaur hauetako asko berrartu ditugu proposamen berriak egon direlako, esaterako udako kobraketa. Administrazioak aurreko proposamenetan ez bezala, oraingoan 165 egun naturalen mantentzea ekarri du mahaira sindikatuon eskaerak aintzat hartuz.

Bestalde, martxan dauden prozesuak bukatzen direnean (egonkortze prozesuak), behin-behinekotasunaren inguruko ikerketa bat egiteko asmoa adierazi du Hezkuntza Sailak, non, LABekin eta Interinoak sindikatuokin ekainaren 1ean sinaturiko akordioan jasota dagoen %5era jaisteko egin beharreko bidea hasiko duen. Honetarako, abenduan zehar egin den lan eskaintza publikoaren eta datozen urteetan egingo diren eskaintzei esker, administrazioak EPE prozesu berri bat martxan jarriko du behin-behinekotasuna adostutako horretara jaisteko.

Hezkuntza Sailak proposatutako urteko lanaldiari dagokionez, 2010eko akordio arautzailetik gaurko proposamenera 200 orduko jaitsiera jasotzen du maisu-maistra eta bigarren hezkuntzako kidegoetan, (1462-1260 hurrenez hurren). Honen aurrean, LABen ordu jaitsiera lan zamekin lotuta egon behar dela uste dugu, gaur egungo proposamenean jasotzen ez dena. Horregatik gure desadostasuna adierazi dugu eta beraz, administrazioak proposamen berri bat helaraziko digula adierazi digu.

Bukatzeko, mahai negoziatzaileek hurrengo urteko lehen hiruhilekoan (urtarriletik, martxoa bitarte) jarraituko dutela zehaztu dute. Egutegi horren baitan, aipatutakoaz gain, gai hauen lanketa egingo da: soldaten osagarriak (tutoretza, idazkari, zuzendari, departamentu buru…plusak), gazte berritze planak edota erretiroa.

Mahai negoziatzaileetako gaiak izan ez diren arren, kontutan hartzeko OHAR GARRANTZITSUAK:

  • Ordezkoen kontratazioa dela-eta salaketa:

Mahai negoziatzaileko gaia ez bazen ere, sindikatu gehienok salatu dugu ostiraleko Ordezkagunean banatu eta gaurtik aurrera egindako ordezko-kontratuetan gaixotasun bajak ordezkatzen ari diren langileei kontratua moztu nahi zaiela, abenduaren 22a izanik kontratupeko azken eguna.

Salaketaren ondoren, Sailak ordezkapen kasu horiek banan-banan aztertuko dituela adierazi du eta luzatzeko aukera baloratu. LABetik ordezkoen kontratazio horren jarraipen zehatza egingo dugu eta luzapena gertatuko ez balitz, bide juridikoa aktibatuko dugu.

  • Abenduak 19an langile publiko guztiak kalera:

Bukatzeko, langile publiko guztiak biharko egunez greba egin eta sindikatuok antolaturiko mobilizazioetan parte hartzera deitzen ditugu. Izan ere, badira hainbat gai irakasleon mahai-negoziatzailearen esku ez daudenak eta langile guztiok elkarrekin borrokatu beharrekoak, Jaurlaritzaren borondate politikoaren araberakoak direnak. Besteak beste, inflazioaren eta langileon eros-ahalmenaren aurrean soldatak eguneratzea, Madrilek ezartzen dituen birjartze-tasak gainditzea eta enplegua sortzea, erretiro primak berreskuratzea, politika feministak ezarri eta bizitza eta enplegua uztargarri egiteko lizentzia eta baimenak hobetzea zein lan osasunari loturiko neurriak adostea. Mobilizazioak 11.30etan izango dira hiru hiriburuetan:

  • Bilbon Udaletxetik.
  • Donostian Bulebarretik
  • Gasteizen Bilbo plazatik

Langile guztien baldintzak hobetuko dituen Akordio Arautzaile onena lortze bidean, eragiten jarraituko dugu!