Lanbide Heziketan, Euskaraldirik ez

458

(EAE, Lanbide Heziketa)

Euskaraldiaren kanpaina betean, EAEko Jaurlaritzari neurriak eskatzen dizkiogu

Euskaraldiaren kanpainan murgilduta gauden honetan, Jaurlaritzaren itxurakeria salatu nahi dugu. Euskararen alde egiten dituen keinuak lau haizetara zabaltzen dituen arren, errealitatea bestelakoa da Lanbide Heziketan: euskaldun askoren euskaraz ikasteko aukerak urriak izaten dira, euskaraz ikasteko eskubidea bera urratuz.

Euskal Autonomia Erkidego osoan euskara hizkuntza ofiziala bada ere, zonalde batzuetan euskararen presentzia ez da agerikoa, eta, gainera, Eusko jaurlaritzak ez du Lanbide Heziketan oro har hau aldatzeko pausurik ematen. Izan ere, datuak kritikoak dira: D ereduaren eskaintza Araban %45ekoa da eta Bizkaiko Ezkerraldean, berriz, %34koa. Lanbide Heziketan euskaraz ikasteko aukerak oso urriak diren bitartean, gaztelaniaz ikasteko aukera ia %100 da.

Bestetik, agerian utzi beharra dago Lanbide Heziketan eskaintzen den B ereduan gaztelania hutsean ikasi nahi duenak baduela aukera eta euskara hutsean ikasi nahi duenak, aldiz, ez. Hau da, Lanbide Heziketako B ereduan ikasgai guztiak gaztelaniaz ematen dira, eta ikasgai batzuetan soilik bikoizten dira euskaraz eta gaztelaniazko eskaintza duten taldeetan.

Hau guztia dela eta, LABetik EAEko Jaurlaritzari eskatzen diogu itxurakeriak eta propaganda faltsuak alde batera utzi eta benetako neurriak har ditzala Lanbide Heziketa euskaldun baten bidean.

Lanbide Heziketa euskaldun baten alde borrokon jarraituko dugu!