Salatu, konponbideak bilatu, proposatu eta negoziatu

268

Eusko Jaurlaritzak erabaki du doakotasuna noiz ezarri eta Partzuergoko Zuzendaritza batzordeak, horrek izango duen inpaktua ezagutu baino lehen, zerbitzua aldatzen duten funtzionamendurako erabakiak hartu ditu, besteak beste, pilotajeak ezarriz eta familiek behar dituzten ordutegiak kontuan izan gabe, hasieran esan genuen bezala neurri prebentiboak hartu ditu.

LABek familien egoera eta baremoen inguruan egindako proposamen batzuk Partzuergoak onartu baditu ere, ordutegien inguruan egindako ekarpenak ez ditu kontuan hartu, Zuzendaritza Batzordean hasieratik zuten proposamena mantenduz. Beraz, LABetik zorrotz gainbegiratuko ditugu aldaketak, langileen lan baldintzen bermeak zainduz.

LABetik doakotasuna lortuta, unibertsaltasuna bermatzeko Haurreskolak Partzuergo Publikoak herri/hiri bakoitzean eskaintzen duen plaza kopurua, haurreskolen hedapena, eredu pedagogikoa, funtzionamendua eta ordutegien inguruan hausnartu eta erabakiak hartu beharko direla mahaigaineratu nahi du. Haurreskolak Hezkuntza sailean integratu eta Udalei eskumen gehiago ematea eskatzen ari gara azkenengo urteetan.

Gauzak horrela, fase berri honetarako lan hitzarmen berriaren negoziazioa martxan jarri eta Ordezkagunea ahalik eta lasterren negoziatzea eskatzen dugu. Baina baditugu premiaz jorratu eta negoziatu beharreko gaiak.

Ikasturte hasieratik aurreikusten genuen prozesuz betetako urte konplikatua izango zela hau. Horregatik, langileon eskubideak bermatuko zituzten proposamenak landu eta lantzen ari gara; kexa, beldur eta salaketez haratago. Beti egin dugun moduan.

LABek egindako eskaerari esker, kontsolidazio prozesua baino lehen, gaur egungo langile finkoen Lekualdatzea burutuko da.

Eskainiko diren plazen identifikazioa egin ahal izateko, datorren ikasturterako izango dugun hezitzaileen Lanpostu Zerrenda osatu behar da. Momentuz, Partzuergoak ez digu helarazi proposamen berririk ezta biltzeko hitzordurik ere. Hori dela eta Zuzendaritza Batzordeari mahai negoziatzailea ahalik eta lasterren biltzeko eskaera luzatzeaz gain, bilera horretan urgentziaz landu beharreko gai-ordena proposatu genion.

LANPOSTUEN ZERRENDA

Gutxienez 1035 lanpostuz osatutako lanpostu zerrenda egin behar da haurreskola bakoitzak behar duen pertsonal horniketa egokia lortuz eta desplazamendurik ez dela egongo bermatuz. Plantila esleitzeko irizpideak finkatu behar dira eta doakotasunaren ondorioz sortu litezkeen behar berriei erantzuteko lanpostu berriak sortu.

LABen proposamena: zabalik dagoen gela bakoitzean 2 hezitzaile, eraikin desberdinetan banatuta dauden haurreskoetan eraikin bakoitza haurreskola bat izango balitz moduan hartuko dira kontuan, haurreskola txikietan ere 2 plaza ezarriko dira, taldekatze gelek duten zailtasuna aintzat hartuta, gela hauek horniketa eta baldintza bereziak izan beharko lituzkete (kasu guztietan koordinatzaileek proposatzen duten antolaketa aintzat hartuz),…

FINKOEN LEKUALDATZEA

Egungo behin-betiko langileek aukera izango dute parte hartzeko, lanpostu zerrenda berriaren baitan lanpostuak aukeratzeko. Gerora hauek libre utzitakoak kontsolidazio prozesura aterako dira. LABek aldebakarrez sinatutako aurreko Lekualdatzearen araudia negoziatzea eskatu genuen aspaldi eta horren gaineko proposamena jada bidalita dugu.

LABen proposamena: Auzitegi Gorenak Langile publikoon Leku aldatzeen inguruan ebatzitako sententzia batean jasotzen den moduan, langileek Partzuergoan orotarako duten antzinatasuna kontuan hartzea atxikipena duten haurreskolako antzinatasunaz gain, ebazpen judizialen bidez ikasturte honetan finkatu diren hezitzaileak parte hartzea eta kontsolidazio prozesua bukatu ondoren hutsik egon daitezken egiturazko lanpostuak langile finkoz betetzeko leku aldatze lehiaketa egitea.

KONTSOLIDAZIO PROZESUA

Otsailaren 1ean hasi zen Haur hezitzaileen prozesua akats informatikoz eta etengabean epeen atzerapenekin. Zer esanik ez, aplikatiboan eta langileok jasotzen ditugun jakinarazpenen hizkuntz-trataeraz (LABek erreklamazioa aurkeztu du). Gogor kritikatzen dugu oraindik ez digutela haur-hezitzaileen zein kudeaketako langileen prozesuen inolako egutegiren aurreikuspenik eman eta hurrengo bileran hori eskatuko dugu; Izan ere, egutegiaren informazio falta hau etengabeko ziurtasun eza sortzen ari da langileon artean.

Beraz, kontuan hartuta deialdietan jasotakoa 2024ko abenduaren 31rako bukatuta egon behar dela, LABetik pozesuak berme guztiekin betetzea eskatzen dugu.

Gai hauen edota bestelako gaien inguruan zalantzarik izanez gero, jarri harremanetan LAB sindikatuarekin.