EAEko Heziketa Bereziko kontsolidazio deialdiak negoziatzeko eskatu dugu Bilboko Hezkuntzako Lurralde Ordezkaritzaren aurrean

385

EAEko Hezkuntza Sailari Heziketa Bereziko langileak egonkortzeko kontsolidazio-deialdiak negoziatzeko eskatu dugu Bilboko Lurralde ordezkaritzaren aurrean. Izan ere, deialdiak abenduaren 31 baino lehen argitaratu behar duen arren, administrazioak oraindik ez du negoziazio-mahairik deitu.

2022/23 ikasturtea hasi denetik bi hilabete oso pasatu dira eta penagarria izan da orain arteko Hezkuntza Sailak egindako kudeaketa eta langileokin izandako jokabidea. LABek behin eta berriz eskatu dio langileon eskariak entzun eta egoera bideratzeko bilerak egitea, baina ez du inolako erantzunik jaso.

Orain, salbuespeneko kontsolidazio lan eskaintza publikoen deialdiak abenduaren 31 baino lehen argitaratu behar direnean, ez dugu deialdien zirriborrorik ezta berau negoziatzeko bileraren hitzordurik ere ez. Heziketa Bereziari dagokionez, Hezkuntza laguntza espezialisten, Fisioterapeuten, Okupazio terapeuten, Zeinu-hizkuntza interpreteen, Transkriptoreen eta Gizarte langileen deialdiak negoziatu behar dira.

Hezkuntza Saila LEParen eskaintza negoziatzerakoan erakutsi zuen negoziatzeko borondate eskasa, erakusten ari da oraingoan ere. Bere aldetik, LAB, kolektibo hauetan lan esperientzia erabakitzailea izateko eta kolektibo bakoitzaren ezaugarriei egokitutako deialdia edukitzeko borrokatuko da. Hezkuntza Sailari argi adierazi nahi diogu langileok gai honetan ere zer esana badugula.

Heziketa Berezian egindako azkenengo Lan Eskaintza Publikoak aspaldi izan dira: Hezkuntza laguntza espezialistena 2008an egin zen, Fisioterapeuta eta Okupazio terapeutena, 2002an, eta Transkriptoreena, 1989an. Zeinu hizkuntza interprete eta Gizarte langileenak, aldiz, ez dira inoiz egin.

Administrazioak urte luze hauetan kontratazioan egin duen iruzurra epaitegietara eraman du LABek. Alde batetik, obra eta zerbitzuengatik egiten zituzten kontratazioak behin eta berriz errepikatzen zirela salatu dugu, eta epaitegiek langile horiei mugagabe ez-finko izaera aitortu diete. Bestalde, azkenengo LEPa gainditu eta oraindik behin-behinekotasunean dauden langileen egoera salatu dugu, eta epaileek finko izendatu dituzte azken hauek.

Gauzak horrela, Bilboko Hezkuntza lurralde ordezkaritzan bart burutu dugun elkarretaratzean berandu baino lehen deialdien negoziazioa aldarrikatu dugu.