EAEko Ikastoletako lan-hitzarmeneko mahaian langileen baldintzak hobetzeko neurriak eskatu ditugu

402

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Lan-hitzarmen berriaren negoziazioa EAEko Hezkuntza Lege berriak, kontrolik gabeko inflazioak, ikastoletako langileen lan kargaren igoerak eta beste hainbat faktorek baldintzatuko dute.
Irailaren 27ko Lan-hitzarmeneko mahaian LAB sindikatutik, besteren artean, lan- hitzarmen berrirako honako eskakizun nagusiak egin ditugu:
1) Titulartasun publikoko ikastetxeetako langileekiko homologazio bidean, KPIaren igoeraren araberako soldata igoerak. Ondorioz, ordainketa eskuordetutik gorako lansari igoerak eskatu ditugu. Kategoria prekarizatuenetan, hala nola, zerbitzuetako langileentzat, 0-3ko langileentzat eta Hezkuntza Laguntza Espezialistentzat igoera handiagoak exijituz. Era berean, Haur eta Lehen Hezkuntzako irakasleen soldata igoerak Bigarren Hezkuntzako irakasleenak baino altuagoak izatea eskatu dugu.
2) Lan karga arintzeko neurrien artean urteko lanorduetan jaitsierak eskatu ditugu.
• Irakasleen eta Hezkuntza Laguntza Espezialisten kasuan 1293 ordutik 1260 ordutara.
• 0-3ko hezitzaileen eta zerbitzuetako langileen kasuan 1585 ordutik 1550 ordutara.
Haur Hezkuntza eta Bigarren Hezkuntzako tutoreen eskola orduak astean ordu betez jaistea eskatu dugu. Bestetik, ordu osagarri eta prestaketa orduak areagotzea eskatu dugu bereziki HLEn eta 0-3ko langileen kasuan. Bukatzeko, 58 urtetik gorako langileentzat astean eskola orduak 5 orduz murriztea ere eskatu dugu.
3) Zaintzarako baimen eta lizentzia gehiago eskatu ditugu:
• Guraso bakarreko familietan, guraso bakarrak bi gurasoen baimenak pilaturik
hartzeko aukera izatea.
• Edoskitze aldia 12 hilabetera luzatzea. Lizentzia hau modu pilatuan hartuz
gero, 4 asteko lizentzia izatea.
• Langile guztiek urtean zehar ordaindutako bi lanegun izatea, zerbitzuetako langile eta 0-3ko langileen kasuan lau egun.
4) Kontratazio eta plantillen egonkortzeari dagokienez eskari hauek egin ditugu:
• Ikastolen Elkarteari nazio irizpideak bere kontratazio irizpideetan txertatzea
eskatu diogu. Bestetik eszedente eta beharren prozeduran langile finko guztiak
sartzeko nahia adierazi dugu.
• EIBri berdintasun, gaitasun eta gardentasun printzipioetan oinarritutako Kontratazio
Batzorde parekideak sortzea eskatu diogu. Era berean, eszedente eta beharren prozeduratik salbuesten dituen xedapen gehigarria hitzarmenetik kentzea exijitu dugu.
5) Langileen erretiroari dagokionez, langileentzat onuragarriena den formulan, hau da, 75-25 modalitatean errelebo kontratuak gauzatzea eskatu dugu. Bestetik, erretiro aurreratua hartu nahi duten langileentzako pizgarri hauek handitzea eskatu dugu.
Ikastolek gure eskakizunak aztertu eta hilabeteko epean lehen erantzun bat emateko konpromisoa hartu zuten. Eskakizun guztiak erdiesteko testuingurua erraza ez izan arren, ikastoletako langileok asko dugu irabazteko. Merezi dugun lan-hitzarmena izateko borroka eta mobilizazioa beharrezkoak izango dira.

Lan-hitzarmeneko-mahaia-2022-09-28