Gizarte Ekimeneko ikastetxeak EAEn: ikasturteko azken mahaira esku hutsik etorri zen patronala

372

Ekainaren 22an izan genuen Gizarte Ekimeneko ikasturteko azken mahai negoziatzailean, Kristau Eskola eta AICE-IZEAk ez zuten inolako proposamenik ekarri. LABek, berriz, negoziazio berri bati aurre egin ahal izateko, proposamenak lantzea eskatu zuen. Hiru gai nagusi izan genituen esku artean: 2021eko soldatak, LABek eskatuta, birkokapenaren gaia, eta lanbide heziketa.


2021eko soldatei dagokionez, Gizarte Ekimeneko ikastetxeetan 2020tik langileok ez dugu soldata igoerarik izan. Sindikatu guztiok 2021eko urte hasieran, soldata igoeren proposamenak egin genituen, eta atzoko mahai negoziatzailean berriro azaldu. LABek publikako langile-kategoria ezberdinetako soldatekiko homologazioa eta eroste-ahalmena berreskuratzea ditu helburutzat; horregatik, 2021eko soldata tauletan, kategoria guztietan
soldata igoerak eskatu genituen. Eta are eta igoera altuagoak kolektibo prekarizatu eta feminizatuenetan. Patronalek 2021eko soldata taulak negoziatzeko konpromisoa hartuta bazuten ere lan-hitzarmena sinatu zenean, ez zuten soldata igoeren proposamenik egin. Ez omen da unea beraien aburuz.
Patronalen jarrera hau onartezina dela uste du LABek, 2021eko soldata taulak aspaldi egon behar baitzuten negoziaturik, eta igoerak buruturik. Negoziazioari bidea ireki eta proposamenak egiten hasteko exijitu zien LABek patronalei. Irailaren 13an berriro gaiari heltzeko hitzordua jarri genuen.


• Bigarren puntua, duen garrantziagatik LABek aurreko mahaian proposatu zuena, birkokapen akordioarena izan zen. Hezkuntza Sailarekin eta patronalekin sindikatuek sinatu zuten enplegua mantentzeko eta irakasleen plantillak gaztetzeko akordioaren iraunaldia iraungita dago. 2022-23 ikasturterako akordioa berritzeko borondatea azaldu zuen
administrazioak apirilaren 22an egin genuen bileran eta LABek akordio berria negoziatzeko borondatea eta beharra adierazi zituen. Era berean, Hezkuntza Sailak akordioa dela-eta izan dituen formak eta aginduan indar gabe utzi dituen batzordeak testutik kentzea salatu genuen.
Balizko akordio berri baten aurrean, LABen ustez, Gizarte Ekimenean baditugu etxeko lanak, izan ere, Hezkuntza Sailarekin eta patronalekin gainerako sindikatuek adostu zuten akordioak eta lan-hitzarmeneko testuarekin osatzen den birkokapen prozedurak ez baititu Gizarte Ekimeneko langileen beharrak asetzen. LABek esan zuen birkokapen prozedurak ez zituela beharrezko bermeak, eta negoziazio berri baten aurrean, aukera berria dagoela uste du. Hiru
ikasturte hauetan izan diren hutsuneak identifikatu, zuzendu beharrekoetan arreta jarri eta langileen beharrak asebeteko dituen prozedura bat negoziatu beharra dago. LABen ustez, prozedura horrek ondorengo oinarriak izan beharko lituzke: gardentasun mekanismoak, birkokatzeko prozedurak kaleratzerik eman ez dadin, diru publikoaren erabilera egokia -kaleratzeak ordaintzeko ez erabiltzea, lanpostuak sortzeko baizik-, interpretazioetarako zirrikiturik ez uztea, eta patronalak prozedura betearazteko mekanismoak. Birkokapen prozedura horretan adostuko liratekeen eduki guztiak lan-hitzarmenean osorik jasotzea garrantzitsua da LABentzat.


• Azken puntuan Lanbide Heziketaz aritu ginen beste behin ere. Sindikatuok Lanbide Heziketako ordutegi banaketa irregularra, ikasleen lantokietako praktikak, bikoizketak, hezkuntza ez-arautua eta Lanbide Heziketa Dualeko edukiak negoziatu nahi genituen. 2017-21 hitzarmena sinatu zenean, patronalek eduki hauek negoziatzeko konpromisoa hartu bazuten ere, oraindik ez dute inolako proposamenik egin, eta atzoko mahaian ere esku hutsik etorri ziren. Gainera, mahaian bertan sindikatuok egindako proposamen ezberdinei ez zien kontraproposamenik egin eta irailaren 20eko mahaira atzeratu zuten gaia tratatzeko data.

LABentzat onartezina da hiru gai horien lanketa aurretik adostua egonik ere, patronalek inolako proposamenik ekarri ez izana. Negoziaziorako borondate faltaren adierazgarri da patronalaren jarrera. Ekainaren 22koa izan zen ikasturte honetako azken mahai negoziatzailea, zoritxarrez, ezer gutxi eman zuena. Irailerako bi hitzordu jarri genituen: bata, irailaren 13an, 2021eko soldatei eta lan-hitzarmeneko I-II-III tituluei buruz hitz egiteko, eta bestea, irailaren 20ean Lanbide Heziketaz jarduteko. Egun horietan ere LAB sindikatuak proposamenak eta negoziatzeko asmoa eramango ditu.

17.info_Ikasturteko-azken-mahaia_eus-1