Abenduan mahai negoziatzailea osatzeko mahaia ELAk blokeatu zuen eta LABek mahai berria bi aldiz ere eskatu duen arren, oraindik ez dugu datarik. Bitartean, langileen lan baldintzak negoziatu eta homologaziorako negoziazioei ekin ezinik jarraitzen dugu eta, ondorioz, eroste-ahalmenean galera geroz eta handiagoa da.
2021eko abenduan Gizarte Ekimeneko mahai negoziatzaile berria osatzeko saiakera egin genuen, baina ELAk mahaia blokeatu egin zuen, LABi, Eusko Jaurlaritzako Lan Saileko erregistroan duguna baino ordezkaritza txikiagoa eman nahi ziguten. Egoera horren aurrean LAB sindikatutik mahai desblokeatzeko proposamena egiteaz gain, hurrengo mahai baterako data zehaztea eskatu genuen, baina bietan ezezko erantzuna jaso genuen.
LABentzat oso garrantzitsua da mahai negoziatzaile hau berriro martxan jartzea, langileok baditugu hainbat aldarrikapen eta behar negoziatu eta hitzarmenean jaso beharrekoak. Aurreko hitzarmenean negoziagai gelditu ziren gaiez gain, 2021 eta 2022ko soldata taulak negoziagai ditugu eta gaur egungo langileen errealitateari erantzuteko hainbat eduki ere negoziatu behar dira.
LAB sindikatuak ezin du mahai deitu ez duelako nahikoa ordezkaritza egin ahal izateko, baina bitartean ez gaude geldirik. Afiliatu eta langileekin ikastetxeetan ditugun beharrak aztertzeko inkesta baten bidez datuak bildu ditugu, gure aldarrikapen taula osatzeko lagungarri izango direnak eta hurrengo egunetan aldarrikapen taula zehazteari ekingo diogu delegatu eta afiliatuekin elkarlanean.
LABen aspalditik egina du Euskal Herriak behar duen hezkuntza sistemaren proposamena, baita norabide horretan eman beharreko urratsen identifikazio ere, eta Gizarte Ekimeneko ikastetxeei ere badagokie norabide horretan urratsak ematen hastea.
Ikastetxeek jendartearekiko eta ikasleekiko konpromisoa hartu beharko dute; gardentasuna diru publikoaren kudeaketan, segregaziori aurre egiteko neurriak, kontratazio irizpideak eta prozesu gardenak, lanpostuak mantentzeko konpromisoa, euskarazko hezkuntza, hezkidetza… baina baita langileekiko eta hauen lan baldintzekiko ere. LABen langileen homologazioa helburua dugu eta horretan indar egingo dugu.
Horretarako, ordea, mahaia desblokeatzeko deia eta berau osatzeko eskaera egiten dugu berriro. Langileek merezi eta behar dugu, patronalei arduraz jokatzea dagokie egoera honen aurrean eta baita sindikatuoi ere.
BERRIAK Homologazioa helburu, EAEko Gizarte Ekimeneko mahai negoziatzailea deitzeko eskatzen dugu