Maisu-maistren LEPa, Nafarroako mahai sektorialean

441

Atzo, urriak 4, egindako Nafarroako Hezkuntzako mahai sektoriala Maisu-maistren Kidegoaren LEPari buruzkoa izan zen, bereziki. Hauek dira oposizio-lehiaketa horri buruzko ohar garrantzitsuenak:

Oposizioak ikasturte honetan egonen diren ala ez ez dakigu oraindik  

Oraindik ez dakigu LEPa egongo den ala ez, eta, ziurrenik, 2022ko urtarrilera arte ez da jakingo. Hori horrela da Hezkuntza Departamentuak ez duelako deialdia aterako bitarteko langileak egonkortzeko EPEa ekarriko duen Estatuko Legea onartu arte -gaur egun Madrilen izapidetzen ari dira-.

LABetik, euskarazko eta gaztelaniazko plazen arteko desproportzioa salatu nahi dugu

Osotara, 451 plaza eskainiko dira, espezialitate hauetan banatuta:

 EUSKARAZ:
– Lehen Hezkuntza: 68 plaza
– Haur Hezkuntza: 19 plaza
– Euskara: 13 plaza
– Atzerriko Hizkuntza ingelesa: 12 plaza
– Entzumena eta Hizkuntza: 9 plaza

 GAZTELANIAZ:
– Lehen Hezkuntza: 180 plaza
– Pedagogia Terapeutikoa: 82 plaza
– Entzumena eta Hizkuntza: 35 plaza
– Haur Hezkuntza: 33 plaza

LABek berriz ere salatu nahi du euskarazko eta gaztelaniazko espezialitateen arteko plaza-banaketan dagoen desproportzioa; izan ere, Departamentuak egindako iragarkiaren arabera, plazen % 73 gaztelaniazko espezialitateetarako gordeko dira, eta % 27 bakarrik euskarazkoetarako. Gainera, banaketa horrekin beste behin ere zigortu egiten dira hizkuntza horretako espezialitateetako irakasleak, hau baita inoiz baino euskarazko plaza gutxien eskaintzen diren Maisu-maistren LEPa.

Lekualdatze-lehiaketa

Seguruenik, azaroan argitaratuko dute deialdia, egun zirriborroa egiten ari dira eta. LABetik, urtero bezala, ateratzen dutenean informazioa helaraziko dizuegu eta ikastaro bat eskainiko dizuegu zalantzak argitu eta izapideak egiten laguntzeko.

Oraindik ez dituzte argitaratu lanpostu hutsak jasotzen dituzten plantillak, baina, hori egin bezain laster, helaraziko dizkizuegu alegazioak aurkeztu ahal izateko.

Gogorarazi nahi dizuegu, aurtengoa lehiaketa autonomikoa denez, ez direla gutxienez bi urte eskatzen berriro lehiatzeko, eta, beraz, joan den ikasturtean destinoa eman bazizuten Estatuko lehiaketan, aurten berriz lehiatu zaitezke.

Protokoloaren kontrako manifestua.

LABek, Mahai Sektorialeko gainerako sindikatuekin batera, Nafarroako 47 ikastetxek sinatutako manifestu bat aurkeztu zuen atzo Departamentuan, honako hau salatzeko:

– Protokoloa sindikatuekiko adostasunik gabe egin da.
– Ikastetxean eskolaz kanpoko jarduerak sartzeak irakasleen zuzeneko irakaskuntzako orduak gehitzea dakar, eta, aldi berean, haien denbora murriztu egiten da garrantzi handiko beste zeregin batzuetan aritzeko.
– Kontratazio gehiago behar da, eskolaz kanpoko jardueren eskaerari erantzun ahal izateko, burbuila-taldeen nahasketa mugatuz.

Jatorrizko albistea HEMEN.