Itunpeko patronalak irakasleei lan-karga gehitu die Nafarroako Gobernuaren COVID protokoloaren aplikazioan

388

Nafarroako Gobernuak jakinarazitako Covid Protokolo berria dela eta, Itunpeko irakaskuntzako sindikatu guztiok Patronalekin bildu ginen ostiralean, LABek, SEPNA eta UGTrekin batera egindako eskariari erantzunez.

Protokolo horretan, Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe bakoitzak 4 arratsaldez eskolaz kanpoko jarduerak eskaintzeko derrigortasuna zehazten da, arratsaldeko 16:30ak arte gutxienez. Zentro bakoitzak nahi bezala antolatzeko askatasuna izango du.

Patronalek adierazi digutenez, hauetako batzuk irakasleek eman beharrekoak izango dira eta osagarrizko jarduera moduan zenbatuko dituzte. Besteak, aldiz, eskolaz kanpokotzat hartuko dira eta, betiko moduan, begirale, teknikari etabarrek emango dituzte.

Beraz, 2020a baino lehen jardunaldi zatitua zuten ikastetxeei dagokionean, argi geratu da jarduera osagarriak izan eta osagarrizko orduetatik (ez irakastorduetatik) aterako dituzten heinean, ezingo duela inongo zentrok ez prestakuntzarik ez eta programaziorik eskatu ere. Horretarako, irakasleen ordutegiak banaka aztertuko dituzte.

LABek erabat onartezintzat jotzen du irakasleei gehitzen zaien lan karga hau. Irakasleen bizkar erori ziren pandemiak ekarri zituen ardura eta zailtasun gehigarri guztiak eta, egoerak hala eskatuta, erantzuna eman zitzaien. Baina egoera aldatzen doalarik, LABek ez du ez ulertu, ez eta onartzen ere, irakasleak estutzen jarraitzea gutxinaka-gutxinaka eta behin eta berriz, behar izan guztien arduradunak izango balira bezala. Hori gutxi balitz, haur zaintzaile papera atxikitzen zaie eta ikastetxeak familien kontziliaziorako erreminta soiltzat hartu ditu Hezkuntza Departamentuak, umeen aparkaleku soilak izango balira bezala.

Berriro ere, hiruko mahaiaren (Hezkuntza Departamentua, patronalak eta sindikatuak) beharra aldarrikatu eta argi utzi diegu patronalei. Eta Hezkuntza Departamentuari, aldiz, kritika sutsua egiten diogu horrelako neurriak inongo sindikaturekin kontutan hartu gabe hartzeagatik. Erabakiak hartu eta legeak egin aurretik, ez dute inongo langilerekin ez adostu, ez eta gutxienez, ezer galdetu ere; ez orain, ez eta Gimeno Kontseilaria karguan dagoenetik ere. Ezinezkoa da bulego bateko pareta barrutik bakarrik eta eragile guztiak entzun gabe, kanpoan dagoen errealitate konplexu baten ikuspuntu fidagarri bat izatea!

Horregatik, egunez egun, LABek langile guztion eskubideak defendatzeko borrokan jarraituko du!

Jatorrizko informazioa HEMEN.