Miresgarria hezkuntza komunitate osoko langileon lana aurten, Bejondeigula!

496

[IRITZIA]

Ikasturtea gogorra izan da hezkuntza komunitate guztiarentzat eta mirestekoa Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Gizarte Ekimeneko nahiz Nafarroa Garaiko itunpeko ikastetxeetako langileok egindako lana ikasturtea aurrera ateratzeko; baina jasandako presioa ez dela bidezkoa salatzen du LAB sindikatuak.
COVIDa dela eta ikastetxeetan hartu diren osasun neurrien eraginez, aurtengoa ikasturte berezia izan da Euskal Herriko ikastetxe guztietan, baita Hego Euskal Herriko bi administrazioetan ere.
Agintariek ezarritako neurriak direla eta, ikastetxeetako egunerako jardunean aldaketa ugari eta gogorrak egin behar izan ditugu hezkuntza komunitateko kide guztiok eta gogor saiatu gara lan pedagogiko txukun bat egin ahal izateko ikasturte honetan, gainera saiakera horretan osasuna utziz batzuetan.
Gizarte Ekimeneko nahiz Itunpeko langileok presio handiz eta tentsioz bizi izan dugu ikasturtea lan karga izugarri handitu zaigulako; egin beharreko tramite administratiboak ugaldu direlako; etengabe ikastetxeko eraikin eta altzarien garbiketan jardun behar izan dugulako; ezarritako prebentzio neurriak bete arazteaz arduratu garelako; ordutegiak ordezkapenez bete zaizkigulako askotan; gelako ikasleez gain, etxean zeudenen egoerara egokitu behar izan dugulako eta haiei ere aparteko jarraipena egin; postontzi elektronikoetako gurasoen zalantza eta beldurrei erantzuten aritu behar izan dugulako, orduz kanpo eta askotan etxetik; eguneratzen joan diren protokoloetako neurriei adi egon behar izan dugulako; askotan urduri eta beldurtuta zeuden gurasoen kexuak behin eta berriro entzun behar izan ditugulako, erasotuak izatera ere iritsi garelako; klase emateko espaziorik gabe geratu garelako; atsedenaldiak ere irakats saio bihurtu ditugulako batzuetan; gaueko loa ere galdu dugulako hainbatetan. Eta lan karga hori guztia, proiektu pedagogiko berriak aurrera atera ditugun bitartean.

Berez gogorrak diren lan baldintzak bereziki okertu zaizkigu. Ikasturte honek asko exijitu digu langile guztioi, eta gure onena eman dugu zerbitzu orokorretakook, ikasleen zaintzaileok, administraziokook, irakasle ez garen tituludunok, hezkuntza orientatzaile eta aholkulariok, begiraleok, hezitzaileok, irakasleok, haurtzaindegiko teknikari espezialistok eta laguntzaileok, langileen ordezkari eta komiteetako kideokā€¦
LABen izenean, hezkuntza komunitate guztiari aitortza egin nahi diogu egindako ahaleginagatik, ez gara makalak, bejondeigula! Baina badakigu horrekin ez dela nahikoa, eta datorren ikasturtean merezi dugun duintasunezko ogibidea izateko, bai Gizarte Ekimeneko eta Itunpeko ikastetxeetako titularrei eta baita Eusko Jaurlaritza eta Nafarroako Gobernuari ere, zera eskatzen diegu: aurten gertatu denaz jabetu eta beharrezko neurriak hartzea. Horretarako, jasandako lan-zama, presioa eta tentsioa neurtuko dituen azterketa psikosozialak ikastetxe guztietan egin, eta neurri zuzentzaileak martxan jartzea exijitzen dugu. Langileok ezin dugulako presio eta tentsio maila honekin beste ikasturte batez jardun. Guk egin dugu ikasturtea duintasunez aurrera ateratzeko beharrezkoa zen ahalegin guztia, orain, zuei dagokizu