LABek hezkuntzako ratioen negoziazio esparrua Euskal Herria dela exijitzen du

149

Nafar Gobernuari eta Jaurlaritzari dei egiten die gai honen inguruko negoziazioei ekiteko

Atzoko egunez, Ministeritza Kontseiluak 132/2010eko Errege Dekretua onartu zuen, 2027ko urtarrilaren 2an inplementatuko dena eta ratio berrien ezarpena 2027-28 ikasturtetik 2030-31 bitartera gauzatuko duena.

Egoera honen aurrean LABek adierazten du Madrilek ratioak inposatu ordez, borondate politikoa egonez gero, posible dela 2025ean LABek EAEko hezkuntza publikoan greba eta borrokaren ondorioz egin zuen bezala ratio egokiak adostea.

Era berean, Madrilgo gobernuak duen politika zentralista eta injerentziaren aurrean negoziazio esparrua Euskal Herrira ekarri behar dela aldarrikatzen du LABek eta berehala ireki behar dituela Nafarroako Gobernuak eta Jaurlaritzak hemengo ratioen inguruko negoziaketak.

LABek Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari zentralismoaren aurrean dagozkigun eskumenak baliatuz Hego Euskal Herriko hezkuntza-sistemen ratioak negoziatzeko exijitzen die. Euskal Herriko langileon lan-baldintzak, enplegua eta soldatak hemen erabaki ahal izateko, beharrezko neurriak adostu eta Aurrekontu Orokorretan txertatu behar dira lehen bait lehen.

Nafarroan zein Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan azken urte hauetan greba dinamika desberdinetan murgildurik egon gara 2023az geroztik. Bi administrazio-eremuetan hezkuntza publikoko lan baldintzak hobetu eta hezkuntza kalitatea hobetuko duten baliabide gehikuntza eta ratio jaitsiera aldarrikatuz. Nafarroa Garaian, tamalez, LABentzat nahikoak ez ziren akordioak sinatu zituzten ANPE, AFAPNA eta UGTek, Nafarroako eskola publikoa indartuko zuten neurriei ixkin eginez eta irakasleen ratio jaitsieraren inguruko neurri hutsala adostuz, Haur eta Lehen Hezkuntzan 25 ikasletik 23ra jaitsiz.

Aldiz, EAEn hezkuntza publikoko lau kolektiboetan Euskal Herrian erreferenteak diren akordioak adostu zituen LABek gehiengo sindikalarekin batera. Akordio horiek izan dira estatu espainolak onartu dituen ratio berrietarako erreferentzia, izan ere, onartu berri den dekretu moldaketak, orokorrean, ez ditu Haurreskolak Partzuergoko zein irakasleetako ratioak hobetzen, berdindu egiten ditu kasurik onenean.

Onartutako neurrien artean, honako hauek jasotzen dira: Haur Hezkuntzako etapan (bai 0-3 urteko zikloan, bai 3-6 urtekoan), Oinarrizko Lanbide Heziketan eta erdi eta goi mailako zikloetan, zein Batxilergoan ratioak jaistea. LABek lortutako akordioak erreferentziatzat hartzen baditu ere, Madrilek inposatu nahi duen ratio dekretuan ez dago Lehen Hezkuntzan eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan ratio jaitsierarik.

Haur hezkuntzako 0-3 zikloari dagokionez, LABek azpimarratu nahi du neurri horiek ez dutela hobekuntzarik ekarriko Haurreskolak Partzuergoan dagoeneko lortutakoaren aldean, izan ere, LABek eta Haurreskolak Partzuergoak adostutako ratioak dekretuan ezarritakoak baino hobeak dira. Eta horiek dira LABek Nafar Gobernuari zein Jaurlaritzari 0-3 osorako eskatuko dizkion ratioak. Bide batez, EAEn 0-3 zikloa ez zatitzearen aldeko borroka egiteko probestuko du LABek, Haurreskolak Partzuergoan 2-3 urteko gelak berreskuratzeko borroka hauspotuz.

Nafarroari dagokionez, gainera, 0-3 urteko zikloan, sektoreko langileek urteak daramatzate Nafarroako Gobernuari eskatzen dituen eskumenak osorik gara ditzala, Haur Hezkuntzako lehen zikloari behar duen duintasuna emateko eta ratioak zein lan-baldintzak orokorrean negoziatu eta adosteko. Alta, Gimeno kontseilariak muzin egin die kolektibo honen aldarrikapenei. Beraz, ez da gai izan LABek hainbatetan aldarrikatu duen 0-3 osoaren publifikazioa egiteko, ez trantsizio gisa hitzarmen propio bat landu eta garatzeko; finean, estatalizaturik dagoen lan-hitzarmena gainditzea eta lan baldintza duinak izateko.

Bestalde, irakasle ez-unibertsitarioei dagokienez, dekretuak jasotakoak etapa batean hobetzen du EAEko eskola publikoari begirako hitzarmena: 2 urteko gelak gehienezko 8 ratioetan finkatuz. Aurretiaz esan bezala, LABek 0-3 zikloa osoaren aldeko borroka egiteko baliatuko du hau, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan EAJ eta PSEren hezkuntza-politikek zikloa apurtzea eragin baitzuten.

Haur Hezkuntzako 3, 4 eta 5 urteko geletan esaterako edota Oinarrizko Lanbide Heziketan, Erdi-mailako gradu zein Goi-mailakoetan Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako irakasle funtzionarioen hitzarmena berdintzen du.

Aldiz, Lehen Hezkuntzan zein Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan erreferentziazko ratioak izaten jarraitzen dute EAEn Lehen Hezkuntzan 22 eta DBHn 25 izatea lortu zuenean LABek; eta Batxilergoan 27koa da Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako ratioa, dekretuak 30an kokatzen duen bitartean. Nafarroan, ordea, are larriagoa da: ANPE, AFAPNA eta UGT zein kontseilariak berak ez zuten Batxilergoko etapa kontuan hartu; bertan, 33 ikasletik 30era jaitsiko da ratioa.

Horrenbestez, LABek Nafarroako Gobernuari eta Jaurlaritzari exijitzen die benetako negoziazio-prozesu bati ekin diezaiotela langileen aspaldiko aldarrikapenei erantzuteko eta EAEko hezkuntza publikoan lortu bezala, Nafarroa Garaiko hezkuntza publikoan zein Ikastoletan eta EAEko Gizarte ekimenean eragina izango duten ratio berriak negoziatu eta adosteko.

INFO-2026-11-25