EAEko Irakasleak: Akordioaren ondorioz, gazteberritze neurriek 5.000 bat langileri eragin diete bi ikasturtetan

164

2025ean lortutako akordioari esker, gazteberritze arloan hainbat hobekuntza jaso ziren, bereziki irakastorduen murrizketa metatzea. Iazko ikasturtean 2.000 bat langilek eta ikasturte honetan beste 3.406 langilek (1.179 urtekoak eta 2.227 metatuak) baliatu dituzte gazteberritze neurriak, urteko zein metatutako modalitateetan.

Hauek dira gazteberritze neurrien hobekuntzak, aurreko baldintzei gehitutakoak:

Urteko modalitatean:

  • Ikasturteko jardunaldi hereneko murrizketa bi urtetan luzatu zen, 65 urte arte (lehen 60 urtetik 63 urtera).
  • 65 urtetik aurrera lanaldia jardunaldi erdiz murriztu ahal izango da.

Modalitate metatuan:

  • Langileek 18 hilabete metatu eta 16 hilabete etxean igaro ahal izango dute.
  • Ikasturte bakoitzeko 4 hilabete metatu ahal izango dira.
  • Haur eta Lehen Hezkuntzan 59 urtetik aurrera 2 orduko murrizketa metatzeko aukera izango da (3 hilabete).

Gazteberritze neurriez gain, akordioan jasotako beste hainbat neurri ere jarri dira martxan:

  • Irailaren 1ean lanpostuaren jabetza egin ezin duten bitarteko funtzionarioei lanpostua azaroaren 30era arte erreserbatzen zaie.
  • Akordioan jasotako %7ko soldata-igoeraren bigarren zatia (%2,5).
  • Bitarteko funtzionarioentzako (ordezkoen) udako ordainketa ezarri da.
  • Lizentzia eta baimen berriak onartu dira: edoskitze-denbora luzatzea, gurasotasun-baimena etenik gabe hartuz gero bi astez luzatzea, seme-alabak medikuarengana laguntzeko baimena, urte sabatikoa bitartekoa langileentzat…
  • Aholkulari, orientatzaile, HIPI edota EUSLE bezalako baliabideak esleitzeko baldintzak hobetu dira.
  • Haur eta Lehen Hezkuntzan bigarren irakastordua murriztu da, nahiz eta Hezkuntza Sailak murrizketa horri dagokion ordu-kreditu nahikorik ez duen jarri hainbat ikastetxetan.

Laburbilduz, argi esan dezakegu Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako irakasleen lan-baldintzen hobekuntzak nabarmenak eta erreferentziazkoak direla, mobilizazio eta greben bidez lortutako akordioari esker.

Hala ere, LABek lanean jarraituko du akordioan jasotako puntu guztiak garatu daitezen, langileak antolatuz eta ekintza sindikala aktibatuz. Izan ere, hezkuntza publikoa indartzeko beharrezkoak diren baliabideak bermatu behar dira ikastetxe guztietan. Horretarako, LABek bisitak egiten jarraituko du ikastetxez ikastetxe, baita afiliatuekin foroak antolatzen ere.

Era berean, LABek prestasun osoa du asanbladak egiteko; beraz, zuen ikastetxean asanblada bat antolatu nahi baduzue, jarri harremanetan gurekin.

2026-11-17-INFO