LABen ekimenez, Nafarroako oposizioetan eskaeraren araberako edoskitzea bermatuta izango dute amek

540

LABi esker, ama izateak ez du eragozpenik suposatuko datorren asteburuan Nafarroa Garaian egingo diren Bigarren Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako oposizioetako probetan. Hala izanen da sindikatuak Hezkuntza Departamentuari egindako interpelazioei esker, non ume txikiak dituzten amei edoskitze eskubideari eusteko aldarrikatu genuen. Ordura arte, aurreikusita zegoen edoskitzea atsedenaldian eta edoskitze gelan baino ezingo zutela amek egin, baina gaurko Mahai Sektorialean Hezkuntza Departamentuak eskariaren araberako edoskitzea bermatuko duela jakinarazi digu, guk eskatu bezala.

Gainera, amek edoskitzen ematen duten denbora ez zaie deskontatuko azterketetatik; denbora hori ondoren gehituko zaie. Hezkuntza Departamentuak azpiegitura berrantolatu behar du orain, eta gaur edo bihar bitarte honen inguruko jarraibide berriak argitaratuko ditu oposizioen web-fitxan (ikusi ESTEKA). Adi egon “Emaitzak” ataleko “Lehen proba, aurkezpen ekitaldia, edoskitzea” atalera (gogorarazten dizugu tramite horretara harpidetzeko aukera duzula goikaldean, informazio berririk argitaratu dela zuzenean jakiteko).

Onartutako neurri hau emakumearen diskriminazioaren kontrako pauso garrantzitsu bat dela uste dugu LABen, hemendik aurrerako oposizio eta probetan ere jarraitzea espero duguna. Halaber, eskertzen diogu Hezkuntza Departamentuari une hauetan neurri hau martxan jartzeko egindako ahalegin handia.

Jatorrizko albistea: HEMEN.