LAB antolatzeko tresna izaki, konpromiso osoa adierazten dugu mobilizazioak sustatzeko ikastetxeetan

37

Ikasturtea hasi berri den honetan, LABeko kideok ikasturteko lehen bisitak egiten hasi gara, ikastetxez-ikastetxe. Hainbat ikastetxetako langileekin eta zuzendaritzekin izandako elkarrizketei esker, bertan bizi diren egoeren berri izan dugu. Zoritxarrez, LABentzat egoera ez da berria, ikasturte hasieratik salatzen ari den arazoen isla baizik.

Izan ere, LABetik behin baino gehiagotan adierazi dugu Hezkuntza Saila ez dela behar bezala aplikatzen ari irakasleen plantillak esleitzeko irizpideetan jasotakoa. Horren ondorioz, akordioan ezarritakoa urratzen ari da, eta ikastetxeak behar dituztenak baino irakasle gutxiagorekin ari dira lanean. Horrek zuzenean mugatzen du hezkuntza-zerbitzuaren kalitatea hobetzeko aukera.

Matrikulazio biziaren ondorioz, hainbat ikastetxetan gela berriak sortu dira. Hala ere, ikasturtea hasi zenetik ia hilabete igaro denean, ikastetxe horiek irakasle faltan jarraitzen dute. Egoera horrek ikastetxeen ohiko funtzionamendua oztopatzen du eta hezkuntza-zerbitzuaren kalitateari kalte egiten dio.

Aste honetan bertan, Plangintza Batzorde Teknikoen bilerak izan ditugu Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Lurralde-ordezkaritzetan. Bertan, Lurralde-ordezkaritzek eskaerak Lakuako Hezkuntza Sailari helarazi dizkiotela adierazi ziguten arren, Sailak ez du, gaur-gaurkoz, irakasle edo ordu-kreditu berririk bideratu ikastetxe horietara.

Beste ikastetxe batzuetan, ikasle berrien matrikulazioaren ondorioz eta, espazio falta dela eta, ko-tutoretza ezarri da. Neurri horrek, ordea, ez ditu ikastalde berri bat sortzeak ekarriko lituzkeen baliabide guztiak eragiten. Beste behin ere, Hezkuntza Saila irizpide murriztaileak aplikatzen ari da, ikastetxeen benetako beharrei behar bezala erantzun gabe.

Era berean, euskara larrialdi-egoeran dagoen arren, Hezkuntza Sailak ez ditu oraindik Eusle programako irakasle guztiak bideratu, nahiz eta talde berriak sortu diren. Bizkaian, esaterako, sei dira sortutako talde berriak. LABen iritziz, euskara gutxien duenari gehiago ematea ezinbestekoa da, eta horretarako beharrezkoak diren baliabideak garaiz bermatu behar ditu Hezkuntza Sailak.

Bestalde, PISAko emaitzen harira, Hezkuntza Sailak irakurtzeari egunean gutxienez 30 eta 55 minutu artean eskaintzeko agindua helarazi die ikastetxeetako zuzendaritzei. LABen ustez, ezinbestekoa da neurri horren ezarpena alde sozialarekin adostea, eta, era berean, behar bezala gauzatu ahal izateko ikastetxe guztiei baliabide gehigarriak bermatzea.

Beraz, ikasturte hasieran LABek salatu zuen bezala, Hezkuntza Sailak ez du akordioan jasotakoa osorik garatzeko behar besteko borondaterik erakusten, besteak beste, Lehen Hezkuntzan 22ko ratioa aplikatzeko, Entzumen eta Hizkuntza Irakasleen (EHI) baldintzak betetzeko edota ordu lektiboen jaitsieragatiko ordu konpentsazio nahikoa emateko. Azken kasu honetan, Sailak aldebakarrez hartutako formula murriztailea aplikatu du baliabideak esleitzeko Haur eta Lehen Hezkuntzan (16 edo gehiagoko ikastalde kopurua bider 2 zati 21). HKI altuko ikastetxeetan, ere aldebakarrez erabakitako formula murriztailea aplikatzen ari da Hezkuntza Saila, ekainean bidalitakoaz desberdina; ondorioz, asko murriztu dira esleitu beharreko baliabideak.

Horren ondorioz, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako ikastetxeak behar baino giza baliabide gutxiagorekin ari dira ikasleei arreta ematen.

LABetik irmoki salatzen dugu Hezkuntza Sailaren jarrera, eta ikastetxeetako langileak saretzeko, antolatzeko eta mobilizazioak sustatzeko konpromiso eta prestasun osoa adierazten dugu. Horretarako, ikastetxez ikastetxeko bisitekin jarraituko dugu, baita afiliatuekin biltzen ere, langileen egoera eta beharrak bertatik bertara ezagutzeko eta era kolektiboan erantzuteko.

Era berean, LABetik irakasleekin eta egoera honi aurre egiteko prest dauden sindikatuekin aliantzak eraikitzeko borondatea adierazten dugu. Akordioan jasotakoa garatu eta ikastetxeetako beharrei erantzuteko, langileen eskubideak zein ikasleenak defendatzeko eta kalitatezko hezkuntza bermatzeko, LABetik antolakuntzaren eta mobilizazioaren aldeko apustua egiten dugu.

INFO-2026-10-09