EAEko Irakasleak: Ikastetxe eta irakasleen errealitatetik urrun dagoen mahai negoziatzailea

102

Atzo, urriak 5, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako irakasleen lehen mahai negoziatzailea izan genuen. Berandu heldu den mahai honetan, Hezkuntza Sailak egun ikastetxeek zein irakasleek dituzten kezka eta lehentasunen errealitateari muzin egin, eta ondorengo gai-zerrendarekin deitu gintuen sindikatuok: estatuko lekualdatze-lehiaketaren zirriborroa, Hezilab eta Bizilab zentroetako lehiaketa berezia eta birjartze-tasa.

LABek kezkaz jaso du administrazioak zirriborroak gaztelaniaz bidali izana, eta euskaraz bidaltzeko eskaera egin arren, ez dugu gure hizkuntzan garaiz jasotzeko aukerarik izan.

LABentzat, besteak beste, ondorengoak dira lehentasunez landu beharreko gaiak: akordioen garapena; ordu-konpentsazioaren aplikazioa; EHI (ALE) figuren lan-baldintzak (funtzioak, ratioak…); ikastetxeen funtzionamendu egokia zein irakasleen lan-baldintzak bermatzeko ordezkapenak (jardunaldi-murrizketak, adinagatiko murrizketak…); Ikasturte Hasierako Antolaketaren ebazpenean akatsak zuzentzea; eta PISA txostenak Hezkuntza Sistemaren gabeziak agerian utzi ondoren hartu beharreko neurriak eta baliabideak, euskara indartzeari begira.

Hezkuntza Sailak mahaira eramandako gaiak:

> Lekualdatze-lehiaketa estatala

Eskaerak egiteko epea azaroaren 5etik azaroaren 26ra arte izango da. Behin-behineko esleipena Irakaskuntza Ertainetan otsailaren hirugarren asterako eta Maisu-Maistren kidegoan otsailaren laugarren asterako aurreikusita daude.

EHI langileen kasuan, destinorik ez dutenek parte hartu beharko dute, baita lanpostua galdu dutenek ere lehentasun eskubidearekin. EHI langile askoren lanpostua ibiltaria zen eta orain ez da izango, pertsona hauek Berratxikipen prozesuan parte hartu beharko dute. Langileen eskura Gida bat jarriko dutela adierazi zuen Sailak.

> Hezilab eta Bizilab zentroetako lehiaketa berezia

Sailak azaroa-otsaila bitartean egin nahi du prozedura osoa, lanposturen bat bete gabe geratuko balitz martxoa-ekaina bitartean Zerbitzu Eginkizunak atera ahal izateko. Hezkuntza Sailak onartu zuen egin dituzten prozesuekin koherentzia-falta egon dela.

LABek A1 eta A2 kategorien arteko soldatak parekatzea eskatu zuen irakasle guztietan, lan berdina egiten ari diren bi langilek soldata desberdinak izatea desegokia delako. Era berean, prozesuen gardentasuna exijitu zuen LABek.

> Birjartze-tasa

Administrazioak Maisu-Maistren kidegoko EPE prozesua hurrengo asteetan argitaratu nahi duela adierazi zuen eta 2028an aurreikusten dela

Irakaskuntza Ertainen EPEa (Bigarren Hezkuntza, Lanbide Heziketa, EOI…). Sailak ahoz adierazi zuen dituzten aurreikuspenen arabera 1100 lanpostu inguru eskainiko direla. Maisu-Maistren EPEan gaitegia euskaraz argitaratuko dutela ere esan zuen Sailak.

LABen iritziz, Birjartze-tasa Madrildik ezarrita datorren neurri bat izanda, Euskal Herriko langileen lan-baldintzak hemen erabaki behar direla agerian geratzen da. Zentzu horretan LABek Jaurlaritzari ondorengoa eskatzen dio: langileon lan-baldintzak, enplegua eta soldatak hemen erabaki ahal izateko, beharrezko neurriak adostu eta Aurrekontu Orokorretan txertatzea.

Sindikatuok eskatuta mahaian jorratu ziren gaiak:

> Berandu betetako ordezkapenak

Ikasturte hasieran lanpostuak ez ordezkatzearekin, Hezkuntza Sailak aitzakiak erabili ditu lanpostu denak hasieratik ez betetzea justifikatzeko. LABek berriro ere adierazi zuen lanpostuak ikasturteko lehen lan egunetik bete behar direla, zentroen funtzionamendu egokirako, langileen zein ikasleen eskubideak bermatzeko, eta sindikatutik hainbeste intzidentzia kudeatu behar izana larria dela adierazi zuen. Irakasleren batek adinagatiko murrizketa eskatuta ordezkoa izan ez eta lanean jardun osoan jarraitu behar izan badu, kurtso amaieran orain gozatu ez duen murrizketa metatu ahal izango duela adierazi zuen Hezkuntza Sailak.

> Jubilazioak

Ikasturte amaiera arte erretiroa luatzea eskatzen duten langileei, behin pentsioaren %100a dutela, ez zaiela luzapena emango adierazi du Hezkuntza Sailak, izan ere, enplegu publikoaren legediarekin talka egiten duelako. Soilik baimenduko dute egoera hau gozamen metatuan dauden langileekin.

> Disfrutatu gabeko oporrak

Salbuespenezko kasu bakan batzuetan soilik ordainduko dituzte, kasu, ezintasuna aitortzen zaien langileen kasuan.

> Gurasotasuna eta babestutako egoerak

LABek salatu zuen adostutako jarraibideak ez direla kasu guztietan egoki aplikatzen, langileon eskubideen urraketak eman direla, eta honen inguruko irizpide zehatzak eta gida bat jasotzeko beharra azaleratu zuen.

> Puntuazio bikoitza

Honen aplikazioaren inguruko argibideak eskatu ziren.

> Jardun murriztuak osatzeko arazoak

Ordezkoen Araudiaren 28. artikuluaren aplikazio okerragatik Lehen Hezkuntzako irakasleen jardunak osatzeko arazoak salatu zituen LABek, beste sindikatuekin batera. Hezkuntza Sailetik arrazoia eman ziguten eta adierazi zuten egoera horretan berriro ere lehen bezala jardungo dutela. Jada langile zein ikastetxe kaltetuak egon direla oroitu nahi izan zuen LABek. Ordezkoen Araudia aldebakarrez ezarri zuen Hezkuntza Sailak; LABek sindikatuokin adostasunetara heltzearen beharra azpimarratu zuen.

> Ikasturte hasierako ebazpenak

Lanaldien laburpen-taulak zuzentzeko, eta Bigarren Hezkuntzako ebazpenean Salbuespenezko egoeretan zuzendaritzen beharren arabera zaintza orduak handitzeko aukera kentzeko eskaera bidali zion LABek Hezkuntza Sailari, 2025eko maiatzean sinatutako akordioa urratzen dutelako, eta beharrezko baliabide guztiak ikastetxeetan egotea ekiditen duelako.

LABek lanean jarraituko du langileen eskubideen defentsan. Mahai negoziatzaileak edukiz bete, akordioa betearazi eta hezkuntza publikoa indartzeko beharrezko baliabideak exijituz.

INFO-2026-10-06