Pedrosa sailburuari eskatzen diogu euskara indartzeko neurriak hartzeko, baliabide berriak ezartzeko, akordioak garatzeko eta digitalizazioaz hausnartzeko

115

Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburua Hezkuntza Batzordean izan da gaur, azken hilabetean eztabaida publikoa eragin duten PISA azterketako emaitzen inguruko azalpenak emateko eta egoerari aurre egiteko proposatzen dituen neurriak aurkezteko. Era berean, azken ebaluazio diagnostikoaren emaitzak, hizkuntza-gaitasunen egoera eta Hezkuntza Sailak hartuko dituen neurriak izan ditu hizpide.

LABentzat, PISA txosteneko emaitzek agerian utzitako datu batzuk ezin dira, sailburuak egin duen bezala, beste herrialde batzuetako emaitzen okertze orokorrarekin justifikatu. LABen iritziz, PISA txostenean eta ebaluazio diagnostikoan atera diren emaitzak ondo aztertu behar dira, ezagutza esanguratsuetan oinarrituriko ikaskuntzen ebaluazio jarraituak ematen dizkigun ebidentzia guztiekin batera. Kezkatzeko aldagai batzuk egon badaude eta emaitza kaxkarren atzean askotariko faktoreak dauden arren, sindikatuarentzat lau dira lehentasunez heldu beharreko erronkak: euskara gaitasunak indartzea eta murgiltze ereduan sakontzea, baliabideak eta neurriak, segregazioari aurre egiteko neurriak eta digitalizazio ereduaren inguruko errotiko aldaketa.

Euskara larrialdi-egoeran dagoela kontuan hartuta, LABek larritzat jo zuen du Jaurlaritzak gure herriaren hizkuntza babesteko, erabilera sustatzeko eta gaitasuna indartzeko neurriak lehenetsi beharrean murgiltze-eredua emaitzen erantzule egitea. LABek gogorarazi du EAJk eta PSEk Hezkuntza Legearen bidez hizkuntza-ereduak gainditzeko aukera baztertu zutela. PISAren emaitzen inguruko eztabaidan, LABen ustez, EAJren zor politikoei men eginez, euskararen aurkako diskurtsoak hauspotu zituzten modu arduragabean. Horren adibide izan ziren, Ibone Bengoetxea hizkuntza-politikako arduradunaren eta Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburuaren adierazpenak, azken horiek Eneko Anduezak txalotu baitzituen.

LABen iritziz, ezinbestekoa da murgiltze-eredua orokortzea eta euskara gutxien duten horiei baliabide gehiago eskaintzea. Ildo horretan, eta euskarak bizi duen egoeraz jabetuta, LABek hizkuntza indartzea erdigunean kokatu zuen 2025eko greba-dinamikan. Horretarako, hainbat neurri eta baliabide negoziatu eta adostu zituen, besteak beste, EUSLE programaren hedapena, Hizkuntza Indartzeko Irakasleak eta Hizkuntza Normalkuntzako koordinatzaileak. LABentzat, neurri horiek ezinbestekoak izan ziren akordioa ixteko. Hala ere, sindikatuak salatu du Hezkuntza Sailak ez dituela akordioan jasotako konpromiso guztiak osorik garatu. Horrenbestez, adostutako neurri eta baliabide guztiak lehenbailehen ikastetxeetan ezartzeko eskatu dio Sailari, hezkuntza publikoa indartu eta hezkuntzaren kalitatea hobetzeko.

Iragarritako neurrien artean, irakurketari egunean gutxienez 30 eta 55 minutu artean eskaintzea erabaki du Hezkuntza Sailak, ikastetxeetako zuzendaritzei joan den astean bidalitako aginduaren bidez jakinarazi bezala. Era berean, zenbait mailetako ikasleen irakurketa- eta idazketa-gaitasunak ebaluatuko dituzte. Lehen Hezkuntzako 2. mailako irakurtzeko zailtasunak goiz identifikatzeko tresna jarriko dute martxan; 2026-2027 ikasturtean, Lehen Hezkuntzako 5. mailakoek frogak egingo dituzte; eta DBHko 1. mailako ikasleengan 2027-2028ko ikasturtean ezarriko da identifikazio goiztiarreko tresna.

LABetik iragarritako neurri hori euskarazko irakurketa-idazketa prozesua indartzeko neurrien artean kokatuko genuke, izan ere, euskara gaitasunetan sakontzeak ekarriko du gainerako konpetentzietan hobetzea. Alta, ezinbestekoa deritzogu neurriaren ezarpena alde sozialarekin adostea , eta neurri hauek modu egokian aplikatu ahal izateko, LABek ikastetxe guztietan baliabide gehigarriak eskatzen ditu.

Bestalde, segregazioari heltzea ezinbestekoa da, LABen iritziz. Tamalez, iazko ikasturtean sindikatuon erabateko kontrakotasunarekin Hezkuntza Sailak diagnostikoaz gain erantzun egokirik eman gabe itxi zuen segregazioari aurre egiteko mahaia. Are gehiago, Jaurlaritzak marketing-erako erabili zuen 2025eko irailean irekitako markoa. Izan ere, LABen iritziz hezkuntza sistemaren egungo antolaketa duala goitik behera eraldatu behar da, eskola-planifikazioan egiturazko erabakiak hartu behar dira, familien erabakitze ahalmena ezin da kohesio sozialaren gainetik egon eta egoera zaurgarrian dauden ikasleei baliabide eta neurri gehiago eskaintzea ezinbestekoa da.

Digitalizazioari dagokionez, Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburuak eta Imanol Pradales lehendakariak azken adierazpenetan diskurtsoa aldatu badute ere, orain arte Hezkuntza Sailak irmoki defendatu izan du ikasgeletan gailu digitalak erabiltzea, haien erabilera pedagogikoa argudiatuta. LABek, ordea, urteak daramatza gailu digitalen gehiegizko erabileraren inguruko kezka plazaratzen eta horri buruzko hausnarketa pedagogikoa eskatzen.

Urrun joan gabe, iazko ikasturtearen hasieran, Next Generation Europako funtsen bidez finantzatutako 159,03 milioi euroko inbertsioaren harira, Hezkuntza Sailak gailu digitalak ikastetxeetan modu neurrigabean eta derrigorrez ezartzeko emandako jarraibideak kritikatu zituen sindikatuak. Orduan ere, LABek agerian utzi zuen beharrezkoa dela teknologia horiek ikasleengan duten eragin pedagogikoa aztertzea.

Sindikatuaren ustez, eztabaida ez da teknologia berriak erabiltzearen alde edo kontra egotea. Gakoa da ikasleak gailu digitalen erabileran ahalduntzea eta pertsona kritikoak heztea, teknologia modu egokian erabiltzeko eta eguneroko ikaskuntza-prozesuan lagungarria izan dadin.

Beraz, hezkuntzak dituen erronkei erantzuteko, ezinbestekoa da euskarazko gaitasuna indartzeko baliabideak bermatzea, ikastetxeak behar dituzten baliabideez hornitzea, segregazioari aurre egitea eta teknologia hezkuntza-helburuen zerbitzura jartzea.

2026-10-05-Prentsa-oharra_EUS