LAB, STEILAS eta ELA sindikatuok deituta ikastetxe publikoetako ehunka irakasle mobilizatu dira Iraleko murgiltze ikastaroak mantentzearen alde

309

Maiatzaren 5ean aurkeztutako 6.500 sinadurekin egin bezala, gaurko mobilizazioekin ere, Hezkuntza Sailari ikastaro hauek mantentzeko eskaeran berresten dira hiru sindikatuak

Gaur, maiatzaren 14an, ikastetxe publikoetako ehunka irakasle mobilizatu dira LAB, STEILAS eta ELA sindikatuek deituta. Sindikatuei helarazitako argazkietan ikastetxe publikoetako irakasleak agertzen dira IRALEko murgiltze ikastaroak mantendu daitezela aldarrikatuz.

Mobilizatzeko deialdia hiru sindikatuek egin zuten aurrera daramaten dinamika mobilizatzailearen baitan. Gogoratu dute maiatzaren 5ean aurreko 10 egunetan batutako 6.500 sinaduratik gora aurkeztu zizkiotela jada Hezkuntza Sailari.

Agerikoa da irakasleak ez daudela ados Hezkuntza Sailak IRALEko R ikastaroak bertan behera uzteko hartutako erabakiarekin. Aitzitik, ikastaro hauek beharrezkotzat jotzen dituzte eta hauek mantentzearen alde daude.

Hiru sindikatuak beraz, hezkuntza sailari egiten dizkioten eskaera zehatzetan berresten dira:

  • Irakasleentzako euskarazko murgiltze ikastaroak mantentzea (R bidez eskainitakoak barne) langileen ordezkarien gehiengoarekin murgiltze ikastaroen diagnostikoa, indartzea eta dimentsionamendua adostu bitartean.
  • Euskaran eta euskal kulturan ardaztutako formakuntzan egun dagoen beharra aitortzea, eta ikastaroak ez murriztea ikastetxeetako mikro formakuntzetara.
  • Murgiltze bidezko formakuntza honen irismena eta eragina hobetzeko neurriak langileen ordezkariekin jorratzea eta adostea.
  • Formakuntza molde hori bermatzeko, gutxienez orain arteko baliabideei eta inbertsioari eustea.
  • Euskaran ardaztutako formakuntza gaur egungo beharretara egokitzea eta indartzea, sindikatuekin negoziatuta.

Euskal Herrirako euskaran ardaztutako hezkuntza sistema burujabea defendatzen dute sindikatuek, euskararen ezagutza eta erabilera bermatuko dituena eta euskal hiztun osoak heziko dituena, gizarte kohesionatu euskaldun baten alde. Horretarako, irakasleentzako euskaran eta euskal kulturan ardaztutako prestakuntza funtsezkotzat jotzen dute, irakasleak baitira ikasleen eta hezkuntza-sistemaren lorpenen eragile nagusiak. Euskararen ezagutzan, soziolinguistikan eta euskal kulturan eta horien guztien transmisioan trebatutako irakasleak izatea eta hauek etengabe formatzea ezinbestekoa da beraz.

> Argazki galeria: