EAEko Heziketa Berezia: Lekualdatze-lehiaketa behin-behinean eteteko eskaera egin du LABek

355

LAB sindikatutik argi dugu, administrazioak alde bakarrez hartzen dituen erabakiek eragin zuzena dutela langileen lan eta bizi baldintzetan. Beste behin ere, Hezkuntza Sailari dei egiten diogu inprobisazioa alde batera utzi eta benetako negoziazioa abiatu dezan, besteak beste, aste honetan ikasturte hasierako prozesuekin gertatzen ari dena errepikatu ez dadin.

Maiatzaren 8ko Mahai Parekidean adierazi ziguten bezala, astelehenean ireki zituzten lan kontratudun langile finkoen lekualdatze-lehiaketa eta ordezkapenei eta lanpostu hutsei uko egiteko epea. Baina,argitaratutako zerrendetan akatsak zeuden. Lekualdatze-lehiaketa martxan jarri denetik administrazioak akats hauek detektatu ahala, hainbat aldiz egin behar izan ditu eskainitako plazen zerrenden gaineko zuzenketak. Gainera, langile askok ez dute jakin non zeuden birkokatuta, zein izan diren aldaketak ezta zein baldintzatan ari diren parte hartzen ere. Gaur jakinarazi digute berriz aldatuko dituztela zerrendak eta aldaketa gehiago aurreikusten dituztela.

Egoera horrek langileengan nahasmena eta egonezina sortu eta prozesuaren gardentasuna arriskuan jarri du, parte-hartzaile guztiek ez baitute informazio bera baldintza berdinetan eta une berean izan.

Guzti honengatik, LAB sindikatuak gaur bertan, eskaera formal baten bitartez, Hezkuntza Sailari eskatu dio martxan dagoen prozesua egun gutxi batzuez behin-behinean etetea, beharrezko zuzenketa guztiak egin eta behin betiko informazioaren gainean prozesua berme guztiekin gauzatu dadin.

Asteleheneko INFOan salatu genuen Hezkuntza Sailak ikasturte hasierako prozesuen inguruko aldebakarreko erabakiak hartu izana. Ostiraleko mahaian, administrazioak, alde sozialarekin ezer aztertu edo adostu gabe, langile finko suprimituak eta lanpostua suprimitu zaien bakantedunak birkokatzea erabaki zuela adierazi zigun. Kontuan izan, administrazioak aldebakarrez birkokatu dituen langile finkoak ez badaude destino berriarekin ados, lekualdatze lehiaketan parte hartu beharko dutela. Halaber, administrazioak aldebakarrez birkokatu dituen bakantedunak destino berriarekin ados ez badaude, IKHA/COCUn parte hartzeko uko egin behar diotela lanpostuari. Honek langileengan eragina dauka, langabezirako eskubidea galtzen delako, besteak beste.

LAB sindikatutik argi utzi genuen erabaki hauen aurrean gure desadostasuna. Erabaki hauek sortuko luketen nahasmena eta gardentasun eza aurreikusiz inor ez birkokatzeko eskaera egin eta kontuan izan ez duen proposamen zehatza egin genion Hezkuntza Sailari. Guk proposatutakoarekin langileek, haien lehentasunen arabera, prozesuen baitango eskaintza guztiaren gainean egingo lukete aukeraketa:

  • Suprimituak izan diren langile finkoek lehentasunez parte hartzeko aukera izatea lekualdatze-lehiaketan eta hauek prozesuaren baitango eskaintzaren barruan aukeratzea lanpostua eta ondoren, borondatez parte hartzen dutenak.
  • Lanpostua suprimitu zaien bakantedunek IKHA/COCUan lehentasunez parte hartzea eta hauek prozesuaren baitango eskaintzaren barruan aukeratzea. Ondoren, gainontzeko hautagaiek parte hartzea.

LABetik behin eta berriz aldarrikatu dugu, prozesuen gaineko erabakiak negoziatuak eta adostuak izan behar dutela. Ikasturte hasieratik ari gara salatzen, Lan Hitzarmenean jasotakoa betetzeko borondate eza, eta beste behin ere baliabideak esleitzeko irizpideen negoziazioa exijitzen dugu.

Ez dakigu zein izango den LAB sindikatuaren eskaerari erantzuna, baina guk oso gertutik jarraituko ditugu prozesu guztiak ahalik eta baldintza onenetan gauzatu daitezen.

INFO-26-05-13-1