Ikamak eta LABek Lanbide Heziketako D ereduan matrikulatzeko deia egin diete ikasleei

234

Euskalduntzen duen ereduaren eskaintza faltagatik, ikasle askori euskaraz ikasteko eskubidea eta euskal kultura ezagutzeko aukera ukatzen zaio. Euskalduntzen ez duten ereduen bitartez eskaintzen diren ziklo guztien %60 bakarrik da euskaraz Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan. Egoera hori larriagoa da Oinarrizko Lanbide Heziketan, zeinetan D eredua anekdotikoa den: eskaintzaren %18,5.

Ikamak eta LABek salatu nahi dute Lanbide Heziketaren egoera larria dela euskarari dagokionez. Ikasketak euskaraz egiteko eskaintza oso murritza da: zikloen %60 soilik da D eredukoa. Oinarrizko Lanbide Heziketan eskaintza asko txikitzen da, eta bereziki larria da HLPB (Hezkuntza Laguntza Berariazko Premiak) programaren egoera, 3 urteko zikloetan ia ez baitago D ereduko eskaintzarik.

Herrialdeka aztertuz, Bizkaiko egoera da larriena, han D ereduko eskaintza %43ra soilik iristen baita; hau da, 331 ziklotik 143 soilik eskaintzen dira eredu horretan. A ereduari dagokionez, Bizkaian %75 eskaintzen da, eta Araban %92.

Euskalduntzen ez duten ereduen eskaintza medio, ikasle askori euskaraz ikasteko eskubidea eta euskal kultura ezagutzeko aukera ukatzen zaiela salatu nahi dute Ikamak eta LABek. Gainera, lan mundua euskalduntzeko zailtasunak betikotzen ditu eredu horrek.

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak uko egiten dio benetako apustua egiteari, eta albo batera uzten ditu Lanbide Heziketa euskalduntzeko prozesuak. Utzikeria alboratu, eta euskarazko eskaintza %100 izan dadin eskatzen diote Ikamak eta LABek Hezkuntza Sailari.

Era berean, Ikamak eta LABek deia egin nahi diete ikasleei eta familiei D ereduan matrikulatzeko hautua egin dezaten. Horretarako 7 arrazoi nagusi mahaigaineratu nahi dituzte:

  1. Gure nortasun eta kultura ulertzeko. Euskaraz ikasteak gure herria ulertzen laguntzeaz gain, gure kultura eta ohituretan sakontzen laguntzen du.
  2. Beste hizkuntzak ikastea erraztu. Euskaraz ikasteak beste edozein hizkuntza errazago ikasten laguntzen du.
  3. Lan mundua euskalduntzeko. Urteak dira lan mundua euskalduntzeko urratsak egiten ari direla, baina, hori azkartzeko, ezinbestekoa da formakuntza hizkuntza horretan egitea.
  4. Aukerak zabaldu lan munduan. Curriculuma aberasten laguntzen du eta horrek ateak irekitzen dizkigu enpresa ezberdinetan lan egiteko.
  5. Hizkuntza transmisioa indartu. Lan mundua euskalduntzeak gure beste eguneroko zereginetan ere euskara erabiltzera bultzatzen du, eta hizkuntzaren jabe egiten laguntzen digu.
  6. Pentsamendu kritikoa eta adierazteko gaitasuna aberastu. Hizkuntza ezberdinak jakiteak elkarrizketa eta azalpenak ematen laguntzen du. Hizkuntza menperatzeak errazten du erabilera.
  7. Sormenari eta irudimenari bide emateko. Hizkuntza ezberdinak jakiteak sormenean eta irudimenean laguntzen du, ikuspegi berriak zabalduz.

Ikamak eta LABek dei egiten diote, alde batetik, Hezkuntza Sailari Lanbide Heziketan benetako urratsak eman ditzan, datorren ikasturteetan eskaintza %100ekoa izan dadin. Bestetik, ikasle eta familiei dei egiten diete D ereduan matrikulatzeko eta, bermatzen ez den kasuetan, salatzeko.

Lanbide-heziketa