Hainbat hobekuntza jasotzen dituen ordezkoen araudi berria sinatu du LABek EAEko Hezkuntza Saileko Zerbitzuetako langileen Mahai Negoziatzailean

88

Gaur, EAEko Hezkuntza Saileko zerbitzuetako langileen mahai negoziatzailea izan dugu Lakuan. Gaurkoan, LEP prozesuaren deialdia, langile-kategorien monografiak eta ordezkoen araudi berria izan ditugu aztergai. Salatu nahi dugu hilabeteetan zerbitzuetako langileen funtzioak zehazteko egindako lana eta aurkeztutako alegazioak kontuan hartu gabe, zehaztasunik gabeko monografiak helarazi zizkigutela duela egun batzuk. LABek argi utzi du, monografietan zehaztasunak jasotzea ezinbestekoa dela langileen funtzioen artean talkak ekiditeko batetik, eta bestetik, zerbitzuetako langileek egiten duten lana aitortzeko. Ordezkoen araudiari dagokionez, sindikatu guztion ekarpenak jasota, akordioa erdietsi dugu Hezkuntza sailak eta ordezkaritza sindikalaren gehiengoa osatzen dugun sindikatuok (LAB, UGT eta CCOO), hainbat hobekuntza jasotzen dituen araudi berria sinatuz.

> LEP Prozesua

Gogoratu nahi dugu Lan Hitzarmenean jaso bezala, behin behinekotasun tasa %5etik behera mantendu behar dela lan kategoria bakoitzean. Gauzak horrela, duela egun batzuk Hezkuntza Sailak sukalde eta garbiketako langileen kategorietarako LEP prozesuaren lehen proposamena bidali zigun. Hau oposizio-lehiaketa prozesua izango litzateke (azterketa fasea eta merituak). Eskaintza 57 plazarako egitea proposatu dute (26 sukaldari lanpostu eta 31 garbitzaile lanpostu). Proposamena aztertu eta LABetik hainbat ekarpen egin dizkiogu dokumentuari:

  • Eskainiko diren lanpostuen kopuruari dagokionez, sukaldeko eskaintza handitzea eskatu dugu. Osoan dauden bakante guztiak eskaintzen badituzte ere, proposatutakoarekin behin behinekotasuna ez baita %5aren azpitik geratuko. Horretarako, datorren ikasturteko beharrak aztertzeko eskatu diegu LABetik, ahalik eta bakante erdi gehienak osora pasatu eta hauek eskaintzan txertatu ahal izateko.
  • Oposizio fasea (azterketa) ahalik eta eramangarrien izateko, hautagaiek aldez aurretik gaitegia eta galdera-sorta eskuragarri izatea.
  • Merituen atalari, non lan esperientzia, prestakuntza akademikoa eta euskara eskakizunak jasotzen diren, ahalik eta pisurik handiena ematea.
  • Euskara ezagutzari behar besteko tokia ematea.

Aipatu digutenaren arabera, oposizio-fasea gainditzen duten eta kategoria bakoitzean eta puntuazio-ordenaren arabera hautatzen ez diren pertsonen zerrenda bat sortuko da. Pertsona horiek txanda-kontratu baten esleipendun izan ahalko dira, lanpostu hutsak badaude. Esleipen horiei uko egiteak, ez du inolako zigorrik izango.

> Langileen Monografiak

Zerbitzuetako langileen kategorietako funtzioen lanketa aspaldi hasita bagenuen ere, eta azken mahai teknikotik 7 hilabete igaro direnean, duela egun batzuk jaso genituen langile kategoria guztien monografia proposamenak. Gure harridurarako monografia hauetan ez zen aldez aurretik landutako funtziorik jasotzen. Aurkeztu dizkiguten monografia hauek zehaztasunik gabekoak dira. LABen ustez, ezinbestekoa da funtzioak argi jasotzen dituzten monografiak izatea, langileen funtzioen arteko talka ekiditeko batetik, eta bestetik, zerbitzuetako langileek egiten duten lanaren aitortzari begira. Administrazioak proposamen berri bat helaraziko digu mahaian aipatutakoa kontuan izanik.

> Ordezkoen araudia (III. eranskina)

Akordioa erdietsi dugu Hezkuntza Sailak eta Zerbitzuetako langileen ordezkaritzaren gehiengoa osatzen dugun sindikatuok eta ordezkoen araudian hainbat hobekuntza txertatu dira:

  • Hautagaiek haien lan egoera aldatu ahalko dute egunero (lanerako prest edo lanerako ez prest). Lanerako moduan ez badaude beraz, hautagaien ardura izango da haien egoera aldatzea, forzosorik jaso ez dezaten.
  • Ordezkabidean lan eskaintza guztia ikusi eta aukeratu ahal izango dute hautagaiek, aukeratuta duten lurralde eta jarduna kontuan izan gabe. Aukeratuta duten lurralde eta jarduna soilik nahitaezko esleipenetan eragingo du.
  • “Babestutako egoera” ezartzen da eta baremoari begira tarteak ezartzen dira. Horrek esan nahi du ordezkabidean egoera babestua alegatu eta justifikatu duten langileek ez dutela eguneroko esleipenetan parte hartu beharko puntuazioa lortzeko eta duten hurrenkeraren araberako tarteari dagokion batazbesteko puntuazioa eskuratuko dutela baremazio aldian. Honek egoera babestuan dauden langileak beraien lanpostura ez inkorporatzeagatik gertatzen diren hutsuneak saihestuko ditu.
  • Kontratu hobekuntza ezartzen da LABek egindako ekarpenari jarraituz. Horrela, ikasturtean zehar lanpostu huts bat bitarteko kontratu bidez bete behar denean, SMS bidez jakinaraziko zaie ordezkapen kontratua dutenei, ekoizpen arrazoiengatiko kontratua dutenei, bakante partziala duten langileei (lanpostu hutsa osoa denean) eta lanean ez dauden ordezkagai guztiei Ordezkabidean eskainiko dela. Behin Ordezkabidean eskeinita, eskaera egiten duten guztien artean puntuazioari jarraituz esleituko da. Sailarekin beste lan-kontratu mota bat indarrean izanez gero, hari uko egin ahal izango zaio eta eskaintzen zaion lanpostu huts baterako bitarteko kontratua aukeratu ahal izango da. Indarrean dagoen kontratu bati uko egiteak ez du ekarriko, kasu horretan, ondoriorik. Horrez gain, esleipenduna lan-istripuagatik, lanbide-gaixotasunagatik, edo aldi baterako ezintasuneko egoeran; gurasotasun lizentzian; haurdunaldian arriskua edo arriskuko haurdunaldian; zaintzagatiko eszedentzian; edo jardunaldi-etete iragankorrean (haurrak zaintzeko) edo haurdunaldiaren seigarren hilabetetik aurrera egonez gero, lanpostu hutsa gordeko zaio eta egoera hori sortu duen gertakaria amaitzen denean kontratua indarrean jarriko da eta lanpostu horretan hasiko da lanean eta lanpostuaren iraunaldia emandako zerbitzalditzat zenbatuko zaie.
  • Ikasturtean behin indarrean duten kontratuari uko egin ahalko diote hautagaiek hezkuntzako beste zerrendetan lanpostu bat esleituz gero.
  • LAB Sindikatuaren alegazioari jarraituz, ikasturtero epe bat zabalduko da (udan) langileek indarrean duten kontratuari uko egiteko. Epe horretan uko eginez gero, ez dute inolako penalizaziorik izango. Horrela, irailaren 1etik disponible egongo dira eta ordezkabidean parte hartu ahal izango dute. Edonola ere aipatu behar dugu, epe honetan uko eginez gero langabezi prestazioa jasotzeko eskubidea galduko dutela.
  • LABek horrela eskatuta, ordezko lan-kontratudun prestasuna diruz konpentsatzeaz gain, hein berean puntuazioarekin konpentsatuko da.
  • Eranskin hau akordioa sinatzen den unean indarrean sartuko da baina Ordezkabidea aplikazio informatikoa gaitu beharko da dagokion aldaketekin eta aukera berriekin.

> Bestelakoak

  • IKT langileen mahai monografikoa egitea eskatu du LABek eta laster deialdia bidaliko digutela adierazi zaigu
  • Lan Hitzarmena maiatzaren 12 edo 13an EHAAn argitaratuko dela aurreikusten dute.

LABetik orain arte bezala, lanean jarraituko dugu zerbitzuetako langileen lan baldintzak hobetzeko.

INFO-2026-05-04