EAEko zerbitzuetako langileen mahai negoziatzailea izan dugu Lakuan nahi baino eduki gutxiagorekin

76

LABetik salatu nahi dugu deialdia eta dokumentazioa ostiral eguerdian jaso genituela. Beste behin ere, oso denbora gutxi izan dugu guztia aztertu ahal izateko. Honek atzeratu egiten du guztia.

Batetik, LABetik egin nahi ditugun ekarpenak atzeratzen dira eta ondorioz, hartu beharreko erabakiak eta adostasunak lortzea. Berriz ere esaten dugu LABetik, mahaiak deitzeaz gain, hauek edukiz bete behar direla. Gai ordenean honako gai hauek zeuden: Gizarte-funtsa, Formazio funtsa, garbiketako zerrenden irekiera, Ordezkabidearen araudia eta LPZren aldaketa.

Aipatutako gai hauetaz gain, LABetik honetaz gain, gai ordenean besteak beste, Barne sustapenak, funtzio eta maiztasunak, Produkzioagatiko kontratuen akordioa eta Lekualdatze lehiaketa txertatzea eskatu dugu. Eta gainetik aipatu badira ere, aurrerago landuko ditugula adierazi digute. Dokumentazioa denbora nahikoarekin bidaltzeko eskatu dugu.

Honelakoak landu ditugu gaurko bileran:

> Gizarte eta Formazio funtsak

Gizarte eta formazio funtsen deialdi proposamenak aurkeztu dizkigute. Gogoratu nahi dugu, gizarte funtsera 15.000 euro bideratzen direla eta beste hainbeste formazio funtsera. Azken urteetan formazio funtsean eman den diru soberakina kontuan izanda eta LABek urteetan egindako eskaerari erantzunez, diru kopuru hori funtsez aldatzeko aukera ireki da, formaziotik gizarte funtsera pasako litzateke beraz diru soberakina, egongo balitz.

> Garbiketako zerrenda irekiera

Ordezkapen arazoak saihesteko eta kontuan izanik gainera hirugarren hiruhilekoan 60 urtetik gorako langileen murrizketa metatuak gauzatuko direla, otsailaren 10ean sukaldeko langileetan egin bezala, gaurkoan garbiketako zerrendak irekitzeko akordioa erdietsi dugu. Akordioaren jarraipena mahai parekidean egingo da. Ezinbestekoa da lehenbailehen zerrendak irekitzea, izan ere, Lan Hitzarmenean sinatu bezala irailetik irekita egon beharko lirateke. Zerrendak martxo bukaeran irekitzea aurreikusten dutela esan digute. Informazio gehiago eta deialdi zehatza ditugunean, zabalduko dugu.

> Ordezkabidea-ren araudia

Hezkuntza Saileko kolektibo guztietan esleipen telematikoen araudiak bateratu nahi dituzte, kolektiboen artean ezberdintasunik ez egiteko batetik eta bestetik, informatikoki erangikorrago izateko. Ildo horretatik proposamen bat helarazi digute. Arretaz aztertu nahi dugu atzera urratsik ez dela ematen ziurtatzeko. Hurrengo egunetan ekarpenak egingo dizkiogu proposamenari.

> LPZn aldaketa

Batetik, 2024-2025 ikasturtean eta 2025-2026 ikasturtean errepikatutako ekoizpen kontratuak kontuan izanda. Bestetik Lan Hitzarmenean sinatutako sukaldeko ratio berriak kontuan izanik, hamabost bat kontratu sortuko dira, kasu batzuetan lanpostu berriak sortuz eta besteetan jardunak osatuz.

Garbiketan Lan Hitzarmenean jasotako metro jaitsierari erantzuteko azterketa urgentea egin dezaten eskatu diogu Sailari, oso toki gutxitan jarri direlako errefortsuak eta ondorioz lan kargak ez dira arindu. Hala ere datu guztiak idatziz helarazteko eskatu dugu LABetik, gure datuekin konparaketa egin eta behar diren ekarpenak egiteko.

> Beste gai batzuk

LABek aurreko mahaietan egin bezala gaurkoan ere eta Lan Hitzarmenean sinatu bezala lekualdatze lehiaketa gauzatzea eskatu du. Proposamen bat idatziz helaraziko digutela esan digute.

Errelebo kontratuarekin administrazio osoan dagoen blokeoari irtenbidea emateko proposamen bat aztertzen ari direla aipatu digute, EAEko hezkuntzako lan legepeko langileei aplikagarri litzatekena. Baina oraindik haiek proposamenaren bideragarritasuna aztertzen ari dira eta guri ez digute zehaztapenik egin. Argitu ahala informatuko zaituztegu.

IKT langileei dagokionez, Madriletik datorren langile publikoen soldata igoera eta ondorioz langile hauen soldataren eguneraketa EHAAn Lan Hitzarmena argitaratu eta kategoria berria sortzean gauzatuko da. Gertutik jarraituko dugu langile hauen egoera.

LABetik lanean jarraituko dugu lan hitzarmena garatzeko.

INFO-2026-03-10_EUS-2