Prebentzio plangintzak eta ebaluazioetan oinarritutako neurri prebentiboak langileen ordezkariak diren sindikatuokin negoziatu eta adostea eskatzen dio LABek Sailari.
Lehenik eta behin, LABetik argi eta garbi adierazi nahi dugu 30 urteren ondoren, lan osasunaren prebentzio araudia ez dela ari betetzen administrazio publikoan. Eta horrek ondorio oso larriak ekartzen dizkigu langileoi egunero. Jakin badakigu laneko arriskuen lidergoa hartu dutela arrisku psikosozialek. Bistan da, Hezkuntza komunitatea osatzen dugun langile asko (irakasleak, zerbitzuetako langileak, hezitzaileak,) garela arriskuak pairatzen ditugunak.
Urteak daramatzagu arrisku psikosozialen aurrean ebaluaketa psikosozialak maiztasunez egin behar direla aldarrikatzen, baita bertan neurri prebentiboak integratzea ere. Urtarrilaren 19an arrisku psikosozialen ebaluazioaren berri eman zuen Sailak.
Ebaluazio hori bi fasetan garatuko da: kuantitatiboa, FPSICO metodoa aplikatuz, 9 arrisku-faktore aintzat hartu dituen galdetegiaren bidez; kualitatiboa, fase kuantitatiboan lortutako emaitzetatik abiatuta, 300 bat langileri elkarrizketa pertsonalizatuen bidez.
Ebaluazio horren pilotajean parte hartu duten hiru ikastetxeetan, ordea, parte-hartzea oso txikia izan da, %35 ingurukoa. Hortaz, Hezkuntza Sailari eskatzen diogu parte-hartzea sustatzeko bitartekoak jarri behar dituela, prozesua eraginkorra izateko ezinbestekoa dela alde soziala ere kontuan izatea.
Oraindik ere gaixotasun psikologikoak laneko gaitzen zerrenda ofizialean onartuta ez daudenez, Mutualitateek badute aukera lanak eragindako kalteak ez onartzeko eta ezkutatzeko. Beraz, aitzakia hori baliatuaz, baja arrunt gisa sailkatzen dituzte. Bitartean, erakundeek absentismoaz hitz egiten jarraitzen dute. Langileon osasuna kolokan jartzen duen sistema baten aurrean gaude.
Zentzu horretan, prebentzioaren ardura ez da betetzen, eta kontrola gero eta gehiago uzten ari dira esku pribatuetan, galdetegia ere azpikontratu dute. Izan ere, Espainiako Gobernuak mutuei eskumen gehiago eman dizkie, eta Jaurlaritza neurri hori garatzen ari da. Etekin ekonomikoak lehenetsiz langileon osasunaren gainetik.
Prebentzio plangintzak eta ebaluazioetan oinarritutako neurri prebentiboak langileen ordezkariak diren sindikatuokin negoziatu eta adostea eskatzen dio LABek Sailari, aurreko ikasturtean sinatutako akordio arautzaile eta Lan Hitzarmenetan jasotzen den bezala.
INFO-2026-03-10_EUS-1


