Gaur, otsailaren 10ean Lakuan burututako EAEko Zerbitzuetako Langileen Mahai Negoziatzailean, kolektiboan ordezkaritza dugun sindikatu guztiok Lan Hitzarmenaren testu definitiboa sinatu dugu. Ezinbesteko urratsa izan da hau, Lan Hitzarmena EHAAn argitaratu eta berme guztiak izan ditzan.
2025eko martxoaren 21ean greba eta mobilizazio ziklo indartsu bati bukaera emanez, sindikatu guztien sinadura jaso zuen Lan Hitzarmenaren aurrekordioak eta Ordezkoen Araudi berriak. Geroztik igaro diren hilabete guzti hauetan, behin betiko testua adosteko oztopo ugari jarri dizkigu Hezkuntza Sailak, aurreakordioan eta zuzenketetan jasotako edukiak berrinterpretatuz edota ezabatuz. LABetik lanean jarraitu dugu ordea, eduki guztia behar bezala jaso eta betetzen dela ziurtatu arte.
Hala ere, administrazioaren moteltasuna salatu nahi dugu beste behin ere. Prozedura administratiboa bera luzea bada ere, LABetik argi dugu Hezkuntza Saila luzapenetan apropos aritu dela, benetako arrazoiak ezagutzen ez baditugu ere, Eusko Jaurlaritza osatzen duten alderdien “egiteko modua” dela erakutsi digute.
Gogoratu nahi dugu, greba deialdiei bukaera ematen zion testuari hainbat zuzenketa egiteko akordioa sinatu genuela sinatzaile eta Hezkuntza Sailak 2025eko maiatzaren 22an. Zuzenketa horietan besteak beste, sukaldeko ratioak kalkulatzeko 7 orduko koefizientea adostu zen. Administrazioak aldiz, interpretazio okerra egiten aritu da eta azken zirriborroetatik kendu baita ere.
LABetik ordea, tinko defendatu dugu adostutako eduki guztia momentu oro eta lanean jarraitu dugu burubelarri. Gauzak horrela, azken zirriborroan hau jasotzea lortu genuen. Alabaina, urtarrilaren 19an burututako Mahai Negoziatzailean aurkeztutako testuak ez zuen guztia behar bezala jasotzen eta ondorioz ezin izan genuen testua sinatu.
Beste batzuen artean, berme klausulatik eratorritako, LABek heziketa berezian sinatu zuen lan hitzarmenean jasotakoak, lizentzia eta baimenen hobekuntzak behar bezala jasotzeko alegazioak aurkeztu genizkion azken testu proposamenari.
Gaurko egunean, azken momentuko berme gehiago jaso dira eta hasierako testua hobetzen duen akordioa lortu dugu. Lanean jarraituko dugu hitzarmena garatzeko eta hobetzeko!
Gaur, azkenean lortu dugu!
Lan Hitzarmenaren testu definitiboa sinatu dugu!
Beste gai batzuk:
> Zerrenden irekiera
Lan Hitzarmenean jasotakoa betearazteko asmoz, hainbat aldiz eskatu diogu administrazioari sukalde eta garbiketako zerrendak irekitzeko. Izan ere, hauek 2025eko irailaren 1etik aurrera egon behar zuten irekita. Gaurko egunean zerrenda hauek irekitzeko akordioa erdiestea lortu dugu berrikuntza batzuekin.
Zerrenden irekiera doiketa informatikoak bukatzean gauzatuko da. Informazio gehiago eta araudi zehatza ditugunean, zabalduko dugu.
> 60 urtetik gorako langileen jardun murrizketak
Murrizketa osotasunean metatzeko eskatu duten onartutako langileen zerrenda aste honetan argitaratuko dute, ebazpen bidez, ohiko bideetatik jakinaraziko dizuegu.
> Egonkortze prozesuaren ondoriozko kalte ordainak
Egonkortze prozesuaren ondorioz, hiru urtetik gorako bakantea galdu eta lanposturik eskuratu ez duten langileak kalteordaina jasoko dute, administrazioa hasi da banan banan hau langileei jakinarazten.
> IKTko langileak
Langile hauei otsaileko nominarekin batera 2025ko estatu espainolak inposatutako %2,5eko igoera eta soldaten eguneraketa egingo zaiela esan digute. Baita aurtengo %1,5 igoera aplikatu ere.
2026-02-10-INFO_EUS


