EAEko Irakasleak: HEZI+ horrela ez! Akordioa bete! mobilizazioak

150

Gaur, otsailak 5, mobilizazioak egin dituzte Bigarren hezkuntzako ikastetxeetako irakasleek, pasa den urtarrilaren 30ean, LAB, STEILAS eta CCOO irakaskuntza sindikatuok egin genuen bezala. Modu horretan, gure kezka eta desadostasuna adierazi dugu HEZI+ proiektuaren planteamendu berriek dakartzaten ondorioengatik, ikuspegi pedagogikotik, antolakuntzatik eta, bereziki, irakasleen lan-baldintzetan izango duten eraginagatik. Ikasleei eskaintzen zaizkien baliabide gehigarriak ezin dira langileen lan-baldintzak urratuz ezarri.

Ikastetxeek gaur zeukaten azken eguna erantzunkidetasun-konpromisoa Hezkuntza Sailari bidaltzeko; horretarako, klaustroek proposamenaren balorazioa egin behar zuten, ondoren eskola-kontseiluak onarpena eman zezan.

STEILAS, LAB eta CCOO irakaskuntza sindikatuok bildutako informazioaren arabera, Bigarren Hezkuntzako ikastetxe publiko gehien-gehienek haserrea eta desadostasuna adierazi dute, eta horietako askotan, klaustroek planto egin dute Hezkuntza Sailak aldebakarrez inposatu nahi duen Hezi+ programaren aurrean.

Bestalde, sindikatuon eta klaustroen presioari esker jakin izan dugu Hezkuntza Sailak epea martxoaren 5era arte luzatu diela ikastetxeei.

Agerikoa da irtenbidea ez dela epea luzatzea. Hezkuntza Sailari xantaia-logikak eta inposizio jarrerak albo batera uzteko eta HEZI+ ebazpenaren inguruko negoziazio prozesua irekitzeko eskatzen diogu, proiektuaren edukiak, helburuak eta baldintzak sindikatuekin adostu ahal izateko, betiere 252/2025 Dekretua errespetatuz. Izan ere, akordio hori ez betetzeak ondorio legalak baititu.

STEILAS, LAB eta CCOO irakaskuntza sindikatuok HEZI+ adostu baten alde egiten dugu, hori izango baita hezkuntza-komunitatearen parte-hartzea bermatuko duena, lan-baldintzak errespetatuko dituena eta hezkuntza publikorako beharrezkoak diren baliabide nahikoak oinarri izango dituena.

STEILAS, LAB eta CCOO irakaskuntza sindikatuok ondoko eskaerak egiten dizkiogu Hezkuntza Sailari HEZI+ ebazpen berria adosteko:

  1. He-Indartuz ordu kopurua handitzea, ikastordu izaera bermatzea eta proposamena ikastetxe eta ikasleen beharretara egokitzea.
  2. He-Hobetuz neurrian eskainiko diren jarduera osagarriak eta eskolaz kanpoko jarduerak handitzea eta ikastordu izaera bermatzea (17 ordu gehienez).
  3. He-Aberastuz: irakastorduak eta jarduerak bermatzeko baliabidez hornitu.
  4. Bidelaguna proiektua Hezi+ proiektuan sartzeko aukera izatea, He-Aberastuz neurrian agertzen den finantzaketaz baliatuz.

Hala, bilera-eskera egin genion urtarrilaren 27an Hezkuntza Sailari gure aldarrikapenak helarazteko, baina erantzunik jaso ez dugunez, urtarrilaren 30ean Batzorde Paritarioaren bilera otsailaren 9an egiteko deia erregistratu genuen, 11:00etan Lakuan, 252/2025 Dekretua 85. artikuluan jasotzen dituen eskumenak baliatuz. Aste honetan erantzuna jaso dugu Hezkuntza Sailaren partetik eta bilera batera deituak izango gara hurrengo asteetan egindako presioari esker.

Horregatik guztiagatik, elkarretaratzeak egin ditugu gaur EAEko Bigarren Hezkuntzako hainbat ikastetxe publikotan. Horrez gain, borrokan jarraituko dugu Hezkuntza Sailak lan-baldintzak errespetatuko dituen eta hezkuntza publikorako beharrezkoak diren baliabide nahikoak oinarri izango dituen HEZI+ proposatu arte, baita 2025eko maiatzean sinatutako akordioa osotasunean betetzeko ere.

HEZI+ HORRELA EZ! AKORDIOA BETE!

PO-HeziOtsailak-5-