Azken asteetan, Espainiar estatuko Defentsa Ministerioak, lurraldeetako ordezkariordetzen bidez, ikastetxe publikoetako zuzendariei posta elektroniko desberdinak helarazi dizkie Espainiar estatuko indar armatuekin lotuta.
LABen ustez guztiz desegokia da militarismoaren aldarria hezkuntza zentroetara eramatea, bertan landu eta transmititzen diren baloreen kontra doalako. Horregatik, hezkuntza komunitateari dei egiten dio ekimen horrekin bat egin ez dezan.
Azken urteetan bezala, urtarrilean zehar bi deialdi jaso dituzte ikastetxeetako zuzendariek: batetik, Concurso carta a un militar español izeneko lehiaketa, DBHko 4. mailako eta Batxilergoko 1 eta 2. mailako ikasleei zuzenduta; bestetik, Convocatoria de Tropa y Marinería. Fuerzas armadas 2026, indar armatuetan hautatua izateko ikasleei bideratutako izen-ematea.
LAB sindikatuaren iritziz lekuz kanpo dago Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako ikastetxe publikoko ikastetxeek Espainiar estatuko indar armatuen aldetik gisa horretako proposamenak jasotzea.
Begoña Pedrosak zuzentzen duen sailari horrelako proposamenik zabal edo sustatu ez dezan eskatzen dio, ikasgeletan ez dagoelako Espainiako armadaren beharrik, hezkuntza kalitatea hobetuko duten bestelako baliabideen beharra baizik.
Instituzio armatu espainiarrek Euskal Herrian duten itzal iluna zuritzeko aukera moduan baliatzen dituzte horrelako ekimenak.
Espainiar estatuko armadak gure ikastetxeetan landu eta transmititzen diren kontrako baloreak ordezkatzen ditu, beraz, LABek Hezkuntza Sailari dei egiten dio hezkuntza komunitatearentzat arrotza den erakunde militar hori oinarri duen edozein egitasmorekin kolabora ez dezala. Era berean, hezkuntza komunitateari kontu honekin adi egotea eskatu nahi dio LABek, baita gisa horretako bestelako ekimenak zalantzarik gabe sala ditzala ere.
2026-01-29-INFO-1


