Gaur greba eta mobilizazio eguna izan da Bilboko Hijas de la Cruz ikastetxearen itxieraren kontra. Giro onean, familiek eta hezkuntza komunitateak bat egin dute langileekin, Solokoetxeko eskola honen itxieraren kontra.
Gaur, gainera, itxieraren kontra eta irtenbidearen alde aurkeztutiko mozioa eztabaidatzen da Bilboko Udaletxean. Baina EAJk eta PSEk mozioari egindako zuzenketak edukiz husten du mozioaren helburua, eta ez die inongo erantzunik ematen familien eta langileen eskaerei: enplegua babestea, hezkuntza- proiektuari jarraipena ematea eta Zazpi Kaleak eta Solokoetxe auzoak plaza publiko gehiagoz hornitzea.
Bilboko Hijas de la Cruz ikastetxearen kudeatzaileek abuztuan itxiko dela iragarri ostean, eskolako hezkuntza komunitatea itxieraren aurka egiten ari den iniziatiben artean, mozio bat aurkeztu du , familiei, langileei eta Alde Zaharra eta Solokoetxe auzoetako beharrei konponbide osoa emateko benetako aukera bat bilatzeko asmoz.
Udal gobernua osatzen duten EAJk eta PSEk Hezkuntza Komunitatearen proposamena zuzendu dute, euren aldarrikapenei jaramonik egin gabe eta Hijas de la Cruzeko familia, langile eta Alde Zaharreko eta Solokoetxeko auzoei inolako alternatibarik eman gabe. Zuzenketak itxieraren eraginagatik ikerketa bat egitea proposatzen du, eta ikasle guztien eskolatzea bermatzea jasotzen du.
Enpresa Batzordetik EAJren eta PSEren jarrera kritikatu nahi dugu; izan ere, zentroa ixtea onartzen dute, familien eskaerei jaramonik egin gabe, enplegua suntsitzea ontzat emanez, eta Alde Zaharra eta Solokoetxe auzoetan beharrezkoak diren 300 eskola plaza baino gehiago gabe utziz, Atxuri eta Solokoetxeko eskolen arazoa zein den jakinda.
Bilboko Hijas de la Cruz itunpeko ikastetxeko arduradunek urtarrilean iragarri zutenez, 2021eko abuztuaren 31n zentroa itxiko dute 162 urteko jardueraren ondoren, 204 familia eta 41 langile kalean utziz. Azken 10 urteetan matrikulazioak behera egin duela eta bi hezkuntza-kontzertu galdu dituztela argudiatu zuten.