LAB, STEILAS eta ELA sindikatuok Haurreskolak Partzuergoko Mahai Negoziatzailea biltzea lortu genuen atzo, bezperan guk geuk bilera deitu ostean. Haurreskolak Partzuergoko gerentea eta Hezkuntza Saileko hainbat ordezkari bertaratu ziren, pasa den abenduaren 22an ikasturteko eta legegintzaldiko Mahai Negoziatzaile bakarrean Haurreskolak Partzuergoaren bideragarritasuna eta dauden akordioak zalantzan jarri eta gero. Langileok 8 greba egun eta familia eta eragileekin hamarnaka mobilizazio burutzea beharrezkoak izan dira elkarrizketarako bidea zabaltzeko.
Atzoko bileran, ondoren laburtzen ditugun aldagaien gaineko informazioa jaso genuen:
• Haurreskolak Partzuergoaren egungo egoeraren diagnostikoa: ISEI-IVEI (Irakas Sistema Ebaluatu eta Ikertzeko Erakundea) eta Mondragon Unibertsitateak haurreskolen bideragarritasunerako plan estrategiko bat eta etorkizunerako proposamenak egiteko enkargua jaso dute. Prozesua aurrera doan heinean, adostasunetara heltzeko komunikazio bidea irekita egongo dela adierazi ziguten.
• Lan Hitzarmen berriaren negoziazioa abiatzeko urratsak, metodologia eta egutegiaren proposamena aurkeztu zizkiguten. Haurreskolak Partzuergoko egungo Lan Hitzarmena eta akordioak indarrean daudela onartu zuten, eta, horietan oinarrituta, hurrengo Lan Hitzarmenaren negoziazioari ekingo diogu. Hurrengo bilera apirilaren 21ean izatea proposatu digute.
• Haurreskoletan norbera babesteko neurriak eta ekipamenduak: orain arte, pandemia egoera hasi zenetik, haurreskolen ohiko diru partidatik erosi behar zen ekipamendua. Hemendik aurrera, haurreskola bakoitzak horretarako diru partida berezia jasoko du.
• Kudeaketarako aplikatibo informatikoak zaharkituta daude. Ahalik eta azkarren, Hezkuntza Sailak dituenekin parekatu nahi dituzte.
Guk, gure aldetik, gai hauek jarri genituen mahai gainean:
• Langileen behin-behinekotasun tasarekin bukatzea eta lanpostuak egonkortzea.
• Haurreskolak Partzuergoaren doakotasuna eta integrazioa Hezkuntza Sailean.
• Erabateko doakotasunaren bidean urratsak ematen jarraitzea.
Hezkuntza Sailak gai horiek plan estrategiko horren baitan kokatzen ditu. Plan horretatik eratorriko diren diagnostikoa eta ondorioak aztertuta, eredu eta funtzionamendu aldaketak egongo direla azpimarratu ziguten. Beraz, ez zaie momentuz erantzunik eman mobilizazioetara eraman gintuzten aldarrikapen guztiei.
Aurkeztu zizkiguten proposamenak aztertu eta langileekin partekatuko ditugu. Ikusteko dago hartu dituzten konpromisoak beteko ote dituzten, eta, era berean, negoziatzeko duten borondatea eta gaitasuna zenbaterainokoa izango den. Bestela, mobilizazio eta greba dinamiketara itzultzea beste biderik ez zaigu geratuko.
Argi duguna da mobilizazioa dela administrazioa mugiarazteko tresna bakarra. Langileok familiekin batera deitu ditugun mobilizazioak inoiz baino garrantzitsuagoak izan dira, eta, bide horretan, aliantzak bilatzen jarraituko dugu 0-3 zikloaren aitortza politiko eta soziala lortu arte.
Eskerrak eman nahi dizkiegu bere babesa erakutsi diguten eragileei eta mobilizazioak antolatu eta parte hartu duzuen guztioi.
Denon artean lortuko dugu!
Euskal Herrian, 2021eko martxoaren 25ean
BERRIAK Mobilizazioek eta greba dinamikek lehenengo emaitzak eman dituzte Haurreskolak Partzuergoan, oraindik ere...