Ikasturteko hirugarren mahai negoziatzailearen balorazioa
Pasa den ostegunean, urtarrilaren 16an, ikasturteko hirugarren mahai negoziatzailea izan genuen. Nahiz eta Bigarren Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako EPEak, ALE eta logopeden lan baldintzak eta Berritzeguneak ordezkatuko dituzten HeziLab eta BiziLab zentroak sortzeko dekretuak izan hizketagai, ez zitzaien gaiei behar bezala heldu.
2025eko EPEak
Hezkuntza Sailak udara honetan egingo diren Bigarren Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako oposaketetako 1.268 lanpostuak espezialitate bakoitzera aterako diren plaza kopuruak aurkeztu zituen. Modu berean, argi geratu zen, beste behin ere, Madrildik inposatutako birjartze-tasa gainditzeko asmorik ez duela, eta beraz, beharrezkoak diren lanpostuak ez direla sortu eta egonkortuko. LAB deialdia lantzen ari da eta alegazioak egingo dizkio datozen egunetan.
ALE eta logopedak
LABek, gainontzeko sindikatuekin batera, langile hauen lan baldintzak lantzeko eskaera egin izan du eta, nahiz eta Hezkuntza Sailak gai-ordenean txertatu, eskatutako gainontzeko edukiekin egin ohi duen moduan, ez zuen idatzizko proposamen zehatzik jarri mahai gainean. Era berean, gaia lantzeko Aniztasunerako Zuzendaritzaren presentzia eskatu izan dugu eta, beste behin ere, ez dira mahaian izan. Beraz, langile hauen lan baldintzak lantzeko arduradunen presentzia eta proposamen idatzi baten gainean negoziatzeko eskaera egin genuen.
Lan osasunagatiko zerbitzu eginkizunak
Nahiz eta gai-ordenean ez egon, deialdiaren zirriborroa jaso genuen eta tarte bat eskaini zitzaion. Datozen egunetan idatzizko alegazioak egiteko konpromezua hartu genuen.
HeziLab eta BiziLab
Gai-ordenean izan arren, Berritzeguneak ordezkatuko dituen HeziLab eta BiziLab zentroak sortzeko dekretuei egindako alegazioak lantzeko tarterik ez zen hartu. LABek gaia lantzeko beharra adierazi zuen gainontzeko sindikatuekin batera. Sailak otsailean mahai tekniko bat deituko zela helarazi zuen.
Ikasturtean zehar mahaiak deitu eta aurrera begirako datak adostu arren, bertan ez da alde sozialak ezinbestekotzat jotzen dituen edukien negoziazio errealik egin orain arte Hezkuntza Sailak. Are gehiago, sindikatuok egindako proposamenak alboratu eta benetako negoziaziorik gabe aurrera jarraitzen du edukirik gabeko mahaiak deituz. Era berean, Hezkuntza Sailak langileon lan baldintzak hobetzeko borondaterik ez zuela argi adierazi zuen beste behin ere, izan ere, inbertsio gehiagorik ez zuela egingo adierazi zuen. Beraz, Hezkuntza Sailak alde sozialarekin eduki errealak negoziatu ditzan ezinbestekoa da borrokatzea.
Urtarrilaren 22an eta 23an irakasleok grebara!
INFO_Mahai-negoziatzailea-2025-01-16