Arabako eta Bizkaiko ikasleen onarpen eta eskolaratze Berme Batzordeetara eraman zuen salaketa atzo LABek, eta bertako langile guztien zein eskola publiko hauen aldeko ekimen zein mobilizazioak bultzatuko dituela adierazten du.
Gasteizen Umandi eta Aita Orbiso, Portugaleten Zubeldia eta Virgen de la Guia eta Ermuan Anaitasuna eta Ongarai eskola publikoak fusionatzeko prozesuak abian ditu Hezkuntza Sailak aldebakarrez, ezkutuan hiru eskola publiko itxiko dituelarik, D ereduko ikaspostu publikoak murriztuz eta enplegua suntsituz.
Hezkuntza Saila gezurretan ari da komunikabideetan: planteamendua “sendoa” dela esanez atera da, azken bi urteetan hezkuntza-komunitateekin lankidetzan garatua. Alta, LABek, ordezkatzen dituen langileen eta bertako familien bitartez daki hori ez dela horrela eta Hezkuntza Saila gezurretan ari direla, maltzurki informazioa ezkutatuz eta aldebakarrez jokatuz. Ez da inolako prozesu adosturik egin; langileekin zer gertatzen den ez da inongo mahai negoziatzailetan landu, ez irakasle funtzionarioenean, ez heziketa berezian, ez sukalde eta garbiketako langileenean, ez udaletan -atezainak bertako langileak izanik-, eta ezta azpikontrataturiko jangelako hezitzaileen edota garbitzaileen mahaietan; ez da bertako familiekin oraintsu arte gaia landu; ez da eraikinen inguruko planik eta azpiegiturak hobetzeko proiekturik adostu; eta ez da bateratze batek beharko lukeen hezkuntza-proiekturik osatu ere. Areago, familiak hasiak dira antolatzen prozesu hauen kontra.
Hezkuntza Sailaren jarrera honen aurrean, LABek salatu nahi du Bizkaiko Lurralde ordezkaria eta Arabako Lurralde ordezkaria gezurretan eta informazioa ezkutatzen ibili direla. Horregatik, atzo burutu ziren lurraldeetako ikasleen onarpen eta eskolaratze Berme Batzordeetako bileretan LABek gogor salatu zuen Hezkuntza Sailaren jarrera. LABentzat oso larria da prozesu hauen bitartez, batetik, langileekin enplegu guztien mantentzea adosteko planik ez adostea eta hori egiteko intentziorik ere ez adieraztea, eta bestetik, Gasteizko, Portugaleteko eta Ermuako hiru eskola publiko ixtea. Hiru herri horietako hezkuntza eskaintzari dagokionez, ikaspostuen gain-eskaintza dago, eta LABentzat horren ondorioa ezin da izan hiru eskola publiko eta bertako ikaspostu publikoak galtzea.
Hori dela-eta, LABek mahai-negoziatzaile zein batzordeetan eta mobilizazioen bitartez kaleetan prozesu hauen kontrakotasuna adieraztearekin batera, hurrengoa aldarrikatuko du:
• Langileen gaia sindikatuokin adostu behar da: eskolako antzinatasuna, langile kolektibo bakoitzaren araudiak aplikatzea eta hauen lanpostuaren mantentzea negoziatu eta adostea. Prozesu hauen ondorioak ez dituzte, Hezkuntza Sailak esan bezala, irakasleek bakarrik pairatuko, horietaz gain, heziketa bereziko hezitzaileek, sukalde eta garbiketako langileek, atezainek, azpikontrataturiko jangelako hezitzaileek eta azpikontrataturiko garbiketako langileek ere pairatuko dituzte. LABek, klase sindikatu den aldetik, langile guztien lanpostuak defendatuko ditu.
• Eskola publikoen fusioa ezin da inolaz erabili eskola publikoak duen perimetroa murrizteko, eskola publikoak ixteko, eta ondorioz, D ereduko ikaspostu publikoak murrizteko. LABek bultzatzen duen Euskal Eskola Publiko Komunitarioaren kontrako norabidean doa, sare publiko bakar deszentralizaturako bidea ez dugu egingo gain- eskaintza testuinguruan euskalduntzen duten eta aniztasun eta inklusioari erantzuten dioten ikaspostuak murriztuz.
• Eskola publikoen fusioa edo bateratzea egitekotan, LABetik diogu aurrez halabeharrez baldintza batzuk bete behar direla: lanpostu guztien mantentzea lortzeko akordioak burutzea, bi eskolen arteko hezkuntza komunitateen adostasuna lortzea, eraikinak zerbitzu publikoak eskaintzera bideratzea eta azpiegiturak hobetzea eta hezkuntza proiektu bateratu bat elkarrekin eraiki eta adostea. Gasteizen, Portugaleten eta Ermuan ez da horrelakorik egin. Eskola-segregazioari aurre egin eta ikaspostuak beste era batera banatzeko neurriek, ezinbestean aurreko baldintzak bete behar dituzte. Eskola-segregazioari aurre egitearen kontra doa hiru herri hauetan eskola publikoak ixtea eta ikaspostu publikoak galtzea.
Hezkuntza publikoa indartu eta hezkuntza sistemaren ardatza izan beharko litzatekeen testuinguru honetan, hezkuntza komunitatea antolatu eta kaleak hartzea dagokigu. Euskal Eskola Publiko Komunitarioaren bidean atzera urratsik ez emateko, langileok batu gaitezen borrokara!
Euskal Herrian, 2024ko abenduaren 13an
- BERRIAK
- Haurreskolak
- Heziketa Berezia
- Hezkuntza Publikoko irakasleak
- INFOAK
- INFO Haur Eskolak
- INFO Hez. Berezia
- INFO Irakasleak
- INFO Lanbide Heziketa
- INFO SutaGar (EUS)
- Lanbide Heziketa
- SutaGar (EUS)