Sukalde eta Garbiketako langileak: LABek EAEko Hezkuntza Sailak sektore feminizatuena eta lan baldintza okerrenak dituen kolektiboa gutxiesten jarraitzen duela salatzen du

93

Gaur kontzentrazioa egin dugu Bilboko Eusko Jaurlaritzaren ordezkaritzaren aurrean, Hezkuntza Saileko sukalde eta garbiketako langile finkoen lekualdatze deialdia urtea bukatu baino arinago egin behar dela eskatzeko.

Hezkuntza Saileko sukalde eta garbiketako kolektiboan indarrean dagoen lan hitzarmenak lekualdatze-lehiaketa urtero egin behar dela zehazten badu ere, 2021etik ez da finkoen lekualdatze-lehiaketarik deitu. Gauzak horrela, hutsik dauden lanpostuetara mugitzeko eskubidea ukatu zaie beste behin ere, eta LABek, heziketa berezian eta Haurreskolak Partzuergoan egin den bezala, salbuespeneko kontsolidazio prozesua bukatu baino lehen hutsik dauden lanpostu guztien eskaintzarekin deialdia egitea eskatu du behin eta berriro.

2024ko ekainaren 26an egin zen kontziliazio saioan, lekualdatze-lehiaketa 2024ko irailaren 1a baino lehen egiteko eskaerara batu ginen ordezkaritza dugun sindikatu guztiok. Hezkuntza Sailaren ordezkariak kontsolidazio prozesua bukatu baino lehen lekualdatze-lehiaketaren deialdia egingo zela adierazi zuen, aurreko ikasturteko mahai parekidean sailak esan bezala.

Urtea bukatzeko hilabete falta den honetan, LABetik egindako eskaerari urtea bukatu baino lehen ez dela lekualdatze-lehiaketarik egingo erantzun dio Hezkuntza Sailak.

Beraz, berriro ere, sukalde eta garbiketako kolektiboa gutxiesten duen Hezkuntza Sailaren aurrean gaude, kolektibo guztietan egin baita lekualdatzea kontsolidazio prozesua amaitu aurretik. Sukaldari eta garbitzaileen kontsolidazio prozesua motelago doa, lan hitzarmenaren negoziazioaren inguruan ez dute inongo berririk, oraindik ez da neurririk hartu 60 urte baino gehiago duten langileen jardunaren inguruan,….

Beraz, mobilizatzea baino ez zaigu geratzen, langileen lan baldintzak hobetzeko kalean jarraituko dugu!

Euskal Herrian, 2024ko abenduaren 2an

Argazki galeria:

2024-12-02-LAB_hezkuntzako-sukalde-eta-garbiketa_EU