Ikastoletako eta Gizarte Ekimeneko ikastetxeetako langileak, langile publikoekin parekatzea lortu dugu

145

Orain kuoten kontrol publiko eta zorrotza ezarri behar da eta langileen kontrataziorako sarbide gardena.

Itunpeko ikastetxeetako langileen soldatak langile publikoekin parekatzeko aurrekontu moldaketa onartzea LABek bultzaturiko langileon borrokari eta Hezkuntza Legearen testuinguruan adostu zuen Akordio Laboralari esker dator.

LABek gogora ekarri nahi du 2023ko ekainaren 1ean Hezkuntza Sailarekin sinaturiko akordioak, besteak beste, itunduriko eremuan -Ikastoletan eta Gizarte Ekimenean- langile guztien soldata ekiparazioa eta lan-baldintzen homologazioa gauzatzeko neurriak adostea jasotzen zuela.

Bada, 2024ko urtarrilaren 16an EAEko Ikastoletako lan-hitzarmen mahaian Ikastoletako kategoria guztietako langileak 2027an langile publikoak jasoko dituzten soldatekin ekiparatzea adostu zuen LABek. Gainera, 2024an langileon eros ahalmena bermatzeko igoera jaso zen, 2024a bukatzerako langile guzti-guztiek %15,3ko soldata igoera bat jaso behar dutelarik. 2024tik 2027ra bitarte, soldata ekiparazioa gauzatzeko urtero igoerak gehitzea adostu zen, 2027rako %18-20ko soldata-igoerak eginez langile kategoria guztietan. Soldaten parekatzea langileen borrokaren ondoriozko garaipena izan zen.

Gizarte Ekimenean berriz, 2024ko otsailaren 5eko greba bukaerako akordioan, 2024rako langile kategoria guztietan langile publikoen soldatarekin ekiparatze bidean jartzen zuen %16ko soldata igoera lortu genuen. Gizarte Ekimeneko lan-hitzarmena berritzeko borrokan hamalau greba egun egin ondoren, langileen indarraren ondorioz patronalak mugiarazi genituen eta lan-hitzarmen berri baterako oinarriak jartzen zituen proposamena adostu genuen. Greba bukaerako aurreakordioan jasotakoen artean zegoen gizarte ekimeneko langileen soldaten %16ko igoera, langile publikoen soldaten ekiparazioari guztiz lotuta zegoena. Gogoratu behar dugu langile publikoekin soldaten parekatzeak 2027rako %18 eta %20ko igoerak ekar zitzakeela Gizarte Ekimeneko langileentzat ere eta LAB ekiparazioa lortzeko borroka horretan tinko mantendu zela azken momentura arte.

LAB Sindikatua izan zen akordio laboralean jasota zegoen soldata-ekiparazioa Ikastoletako eta Gizarte Ekimeneko lan-hitzarmen mahaietan jarri zuen sindikatu bakarra. Eta 2024ko otsailaren 5eko gizarte ekimeneko negoziazio mahaian ordu txikietan ere halaxe izan zen, %18-20ko igoerak ekarriko lituzkeen ekiparazioaren igoera proposamena aurkeztu genuen. Halaber, gainerako sindikatu guztiek eta patronalek uko egin zioten langileon borrokaren ondoriozkoa izan zen garaipen nagusienetakoari, langile publikoekin soldatak parekatzeari.

Azkenik, iritsi da langileon borrokari eta LABen Akordio Laboralari esker soldata-igoerak eta erosahalmenaren bermea zein ekiparazioa ekarriko duen Jaurlaritzako aurrekontu-zuzkidura. LABek Ikastoletan 2027rako langile guztien ekiparazioa lortuko du eta Gizarte Ekimenean LABek borrokan jarraituko du eremu honetan ere langileon lorpen nagusi izan zitekeen ekiparazioa lortzeko.

Jaurlaritzak Hezkuntza Legearen testuinguruan eremu bakoitzeko -Ikastoletako eta Gizarte Ekimeneko- ikastetxeen patronalei emango dien aurrekontu-partida hau langileon soldatak finantzatzeko da soilik. Horregatik, ezinbestekoa eta urgentea da itunpeko ikastetxeen doakotasunaren bidean Hezkuntza Sailak ikastetxeetako kuotak kontrolatzeko eta langileen kontrataziorako mekanismo gardenak berehala ezartzea.

Hau da, LABek askotan exijituriko eta legean jasotako auditoretza-unitatea martxan egotea, ikastetxeen diruaren kontrol publiko eta zorrotza eginez eta gardentasuna erakutsiz. Eta ordua da behingoz, legez ezin diren eta itunpeko ikastetxe askok kobratzen dituzten kuotak debekatzeko eta zigorrak ezartzeko. LABetik borrokan jarraituko dugu kuoten kontrol publiko eta zorrotz hori errealitate izan dadin.

Euskal Herrian, 2024ko urriaren 15ean

2024-10-15-LAB_irakaskuntza_EU-2-1