EAEko Gizarte Ekimeneko ikastetxeetako ordezkariek elkarretaratzea egin dugu gaur Bilboko epaitegien aurrean. Adostutako soldatak ordaintzeko epaiketa izan da bertan

161

Sindikatuek otsailean sinatutako greba amaierako akordioan adostutako soldata igoerak ordaintzen ez dituztelako epaitegietan salatu dituzte patronalak

Patronalak Greba amaierako akordioan jasotako eduki bakan batzuk aplikatzen hasi dira alde bakarreko irizpideak erabiliz. Esaterako, zenbait kolektiboetarako adostutako lanaldi murrizketak edo Lanbide Heziketako konpentsazioa. Beste eduki batzuk, berriz, ez dira bete, hala nola, soldaten kasuan: ez dituzte ordaindu 2024ko finkatutako igoerak, akordioak hala behartzen badie ere, eta ez dute zehaztu soldata eguneratuen ordainketarekin hasteko datarik.

Hori horrela, ikastetxe horietan ordezkaritza duten sindikatu guztiek bide judizialari ekin diote. 2024rako adostutako soldata ordainketak erreklamatzeko gatazka kolektiboko demanda bat aurkeztu zuten EAEko Auzitegi Nagusian. Gaur izan da soldatak ordaintzeko demanda aztertzeko epaiketa.

Epaiketa aurretik ikastetxe hauetako ehundaka ordezkarik elkarretaratzea egin dute epaitegi aurrean. Bertan gogoratu dute Otsailaren 5ean sinatu zela akordioa 14 greba egun eta mobilizazioen ondorioz; Gizarte Ekimeneko ikastetxeetako mahai negoziatzailean ordezkaritza daukaten patronalek eta sindikatu guztiek sinatu zutela; akordioa indarrean dagoela eta langileek akordioa bete dutela. Horrela, greba bertan behera utzi zuten sinatu zen egunetik.

Halaber, akordioa sinatu eta zortzi hilabetera, patronalek eta eskolek ez dute akordioa bete. Sindikatuen ekimenez dozena bat bilera egin diren arren, greba amaierako akordioan sinatutakoa berriro negoziatzeko saiakeran dabiltza patronalak, eta oztopoak jartzen ari dira bertako edukiak adostutako baldintzetan hitzarmenean txertatzeko.

Sindikatuek akordioko eduki bakoitza betearazteko beharrezko tresnak aktibatuko dituzte; hala nola, materia bakoitza betetzeko epea iristen denean epaitegietako bidea zein akordioa betearazteko mobilizazioen bidea.

Patronalei eskatzen diete greba amaierako akordioa adostutako baldintzetan betetzeko eta hitzarmenean txertatzeko.


2024ko urriaren 15ean