1.– Norberaren eginkizunetarako baimena ezin izango da eskatu zerbitzu aktiboan hasi edo horretara itzuli eta urtebete igaro arte. Hala ere, Partzuergoko Zuzendaritzak salbuespenak ezar ditzake eta baimena eman zerbitzu aktiboan urtebete baino gutxiago egin duen langileari.
2.– Gutxienez zazpi egutegi egun iraungo du baimenak, eta betiere egunak elkarren segidakoak izango dira. Eskaera 15 egun lehenago egin behar da, ezinbesteko egoerak salbu. Salbuespeneko kasuetan (familia eta lana uztartzeko beharrak direla eta, edo lehen mailako odol senideen gaixotasun larrien kasuetan) iraupena gutxienez hiru lanegunekoa (segidakoak) izan daiteke.
3.– Norberaren eginkizunetarako baimen aldietan ez da ezer ordainduko; gainera, baimen aldia oporrei kenduko zaie hein berean. Iraupena, guztira, ezin izango da hiru hilabetekoa baino luzeagoa izan bi urtetik behin.
Bi urteak baimen aldia hartzen den lehenengo egunetik hasiko dira zenbatzen; hori horrela, ondoz ondoko hiru hilabeteko aldirako ematen bada, ezin izango da beste bat eman bi urte igaro arte, lehenengoaren hasiera egunetik hasita. Aldi laburragoetan, halaber, hasiera egunetik hasiko da zenbatzen, baina bi urteko epearen barruan norberaren eginkizunetarako beste baimen batzuk eman ahal izango dira, hiru hilabeteak osatu arte. Baimena ikasketa ofizialak egiteko eskatzen denean, urtean ondoz ondoko lau hilabete eman ahalko dira gehienez.
Hala zehazten den kasuetan, ikasketa ofizialak egiteak lanaldia murrizteko eskubidea ekar dezake; murrizketa hori lanaldiaren heren batekoa edo lanaldiaren erdia izango da, eta lansariaren atal guztien heineko beherapena ekarriko du bere baitan. Garatzeko bidean dauden herrialdeetan eginkizunen bat egiteko eskatzen bada baimena, eta beti ere gobernuz kanpoko erakundeen babespean bada, baimenaren iraupena, metatuta hartuta, ezin izango da urtebetetik gorakoa izan bost urtetik behin, eta gutxieneko aldia hiru hilabetekoa izango da.
4.– Administrazio eta erakunde publikoetako kidegoetara eta eskaletara sartzeko deialdietan baimena emango da ezarritako hautatze probetako ariketak egiteko. Baimen hori probetan parte hartzeko behar adina denborarako emango da.
5.– Halaber, baimena emango da zigor askatasun gabetzaileren bat betetzen ari den odol ahaidetasuneko bigarren mailara arteko senideren bati bisita egiteko, behar beste denborarako eman ere, baldin eta bisitak lanorduetatik kanpo egiterik ez badago.
6.– Baimen hori, dena delako modukoa izanik ere, laneko beharren arabera emango da. Ebazpena ezezkoa bada, horren arrazoiak eman beharko dira.
7.– Baimen hori hartzeko eskubidea daukan aldi baterako langileak gutxienez urtebeteko zerbitzaldi pilatua izan beharko du Partzuergoan, eta indarrean dagoen ikasturtean gutxienez 6 hilabete izan beharko ditu pilatuta. Alde horretatik, ikasturte baterako egiten den kontratua izanez gero, bigarren baldintza betetzen dela ulertuko da.