LABek Hezkuntza Saila berriari eskatzen dio kolektibo laboraletan martxan zeuden negoziazio mahaiak deitzeko eta Akordio Laborala betetzeko ikasturtea bukatu aurretik

410

LABek Hezkuntza Saila berriari eskatzen dio kolektibo laboraletan martxan zeuden negoziazio mahaiak deitzeko eta Akordio Laborala betetzeko ikasturtea bukatu aurretik

Duela urtebeteko ekainaren 1ean LABek akordio laborala sinatu zuen Interinok sindikatuarekin eta Hezkuntza Sailarekin, bi aldeek akordioan jasotako edukiak mahai negoziatzaileetan depositatu eta garatu behar zirelarik.



Bada, hezkuntza publikoko kolektibo prekarizatu eta feminizatuetan, Sukalde eta Garbiketan, Haurreskolak Partzuergoan eta Heziketa Berezian, Hezkuntza Saila luzamenduetan ibili zen eta legegintzaldia bere konpromisoak bete gabe amaitu zituen. Hori dela eta, ekainaren 17an LAB sindikatuak mobilizazioa egin zuen eta sortuko zen Jaurlaritzako gobernu berriari zein Hezkuntza Sailari eskatu zien akordio laboralean jasotako eta negoziazio mahaietan landu eta aurreratu ziren edukietan sakontzen jarraitzeko eta eremu bakoitzeko hitzarmenen negoziazioaren alde egiteko.

Ekainaren 25ean Hezkuntza Sailburu berriak bere kargua hartu zuen eta saila martxan da. Beraz, gaur Donostian eginiko mobilizazioaren bitartez, LABek eskatu dio lehenbailehen eta ikasturtea bukatu aurretik deitu ditzala ahaztuenak diren Sukalde eta Garbiketako lan-hitzarmen mahaia eta Haurreskolak Partzuergokoa. Heziketa Berezian, azkenik, atzo bidali zieten sindikatuei lan-hitzarmenaren azken proposamena, eta datozen egunetan lan-hitzarmena ixteko mahaia deituko da.

Haurreskolak Partzuergoaren kasuan, LABek gogorarazi duenez, urtarriletik maiatza bitarte negoziatzen ibili ondoren, maiatzaren 8an burutu zen azken negoziazio mahaia. Bertan aurkeztu zen azken zirriborro proposamenari sindikatuek beren iritzia helarazi eta azken ekarpenak egiteko data finkatu zen. Maiatzaren 22an bidali zizkioten sindikatuek erantzunak gerenteari, eta geroztik ez dute erantzunik jaso. Orduz geroztik hilabete eta aste bat daramate Hezkuntza Sailaren erantzunaren zain eta prozesua bukatzeko mahai-negoziatzailea deitzea eta sindikatuekin azken ekarpenak adostea besterik ez da falta.

Sukalde eta Garbiketako negoziazioak berriz, irailean hasi ziren, eta hainbat geldialdi izan dituzte; besteak beste, estabilizazio prozesuak tarteko. Oraindik orain, mahai-negoziatzaile honetan lan-hitzarmen berriaren proposamen integrala aurkeztu gabe dauka administrazioak. LABek askotan adierazi dio sailari langile kolektibo ezberdinetan batera egin beharreko negoziazioak zirela akordio laboralean adostutakoak, edo, bestela, kolektibo honen proposamenak lehenago izan behar zituztela. Izan ere, lan-baldintza prekarioagoak dituzten langileak dira eta, gainera, ikusezin bihurtuak.

Hortaz, askotariko mobilizazio eta ekimenen bidez esan izan duen bezala, osatu berri den Hezkuntza Sail berriari eta bertako sailburu den Begoña Pedrosari zera eskatzen dio LABek: ikasturtea bukatu aurretik, akordio laboralean jaso zuten eta orain arte mahai negoziatzaileetan aurreratu diren edukietan sakontzen jarraitu eta eremu bakoitzeko hitzarmenen negoziazioaren alde egin dezala.

Euskal Herrian, 2024ko uztailaren 4an

LAB Irakaskuntzako ordezkari Lorea Igartua Ugaldek Hezkuntza Sailari eskatu dio ikasturtea bukatu aurretik Akordio Laborala betetzeko Haurreskolak Partzuergoan, Sukalde eta Garbiketan eta Heziketa Berezian, mahai negoziatzaileetara edukiak eramanez.