https://bon.navarra.es/eu/iragarkia/-/texto/2024/83/21
Martxoaren 26ko 28/2007 Foru Dekretuaren bidez, Nafarroako Foru Komunitatean Haur Hezkuntzako lehen zikloa arautu eta hori ematen duten ikastetxeek bete beharreko baldintzak eta ziklo horren hezkuntza edukiak ezarri ziren. 15.2 artikuluan ezartzen denari jarraikiz, Hezkuntza Departamentuak urtero ezarriko ditu eskola egutegia eta ordutegia prestatzeko behar diren arauak eta ikasturteak izanen duen gutxieneko egun kopurua, bai eta ikasturtearen iraupena ere ikastetxe publikoen kasuan.
ERANSKINA.–2024-2025 IKASTURTEKO EGUTEGIA ETA ORDUTEGIA PRESTATZEKO JARRAIBIDEAK NAFARROAKO FORU KOMUNITATEKO HAUR HEZKUNTZAKO LEHEN ZIKLOKO IKASTETXEETARAKO
1.–Egutegia.
1.1. Haur Hezkuntzako lehen zikloko ikastetxeetako eskola egutegiak bat etorri beharko du ondoko klausulekin:
1.–Oro har, 2024-2025 ikasturtea 2024ko abuztuaren 16an hasiko da, eta 2025eko abuztuaren 15ean bukatuko.
2.–Ikastetxeek berariazko egutegi proposamen bat aurkeztu beharko dute, honako baldintza hauek betetzen dituena:
a) Ikastetxe publikoak:
- Ikastetxeak erreferentziazko aldi baten barruan egonen dira zabalik, eta inoiz ez ondoz ondoko 320 egun baino gehiago.
- Haurrentzako arreta zuzeneko egunak 204 izanen dira. Gainerako egunak –ikastetxeko lan jarduna arautzen duen araudian ezarritakoaren arabera benetan lan egindako orduen urteko kopurua osatu artekoak– ikasturte hasierako edo bukaerako antolaketa lanak egiteko izanen dira, edo familia eta hezkuntza taldearekin bilerak egiteko, edo materialak prestatzeko eta/edo prestakuntzarako; ikastetxeko zuzendaritzak zehaztuko du ordu horiek nola banatuko diren.
- Zerbitzuetako langileen kasuan, ikastetxearen garbiketa orokorra eginen dute ikasturte hasieran, bai eta ikasturte amaieran ere.
b) Baimendutako ikastetxe pribatuetan, haurrentzako arreta zuzeneko egunak 175 izanen dira gutxienez.
c) Egutegia prestatzeko, kontuan hartuko dira Nafarroako Foru Komunitateko egutegi ofizialean jaiegun gisa adierazitako egunak, hain zuzen ere honako hauek 2024-2025 ikasturterako: 2024ko azaroaren 1a; abenduaren 3a, 6a eta 25a; 2025eko urtarrilaren 1a eta 6a; apirilaren 17a, 18a eta 21a; maiatzaren 1a; uztailaren 25a eta abuztuaren 15a; eta udalak herriko zaindaria dela-eta ezartzen duen jaieguna. Egun hori eskola eguna ez den egun batean egokitzen bada, ikastetxeak beste egun bat hautatzen ahalko du.
d) Ikastetxeko egutegia Nafarroako Foru Komunitateko egutegi ofizialean gertatzen ahal diren aldaketetara moldatu beharko da.
e) Beren proposamena ezarritako epean aurkezten ez duten entitate titularrei honako oinarrizko egutegi hau esleituko zaie ofizioz:
- Oro har, 320 eguneko erreferentziako aldia 2024ko irailaren 2an hasiko da, eta 2025eko uztailaren 18an bukatuko.
- Ikastetxea 208 egunez irekiko da. Horietako lau egun zereginak antolatzen emanen dituzte hezkuntzako langileek, ikasturtearen hasieran eta bukaeran, eta garbiketa orokorreko lanetan zerbitzuetako langileek. Gainerako 204 egunak haurrentzako zuzeneko arretarako izanen dira.
- Eguberrietako oporrak 2024ko abenduaren 26tik 31ra arte izanen dira, biak barne.
- Aste Santuko oporrak 2025eko apirilaren 22tik 25era arte izanen dira, biak barne.
1.2. Horrez gain, Hezkuntza Departamentuaren mendekoak diren haur eskolen egutegiak bat etorri beharko du ikasturte hasiera eta amaierako ondoko zehaztapenekin:
- Iruña: ikasturteko lehen eta azken egunak 2024ko abuztuaren 16a eta 2025eko ekainaren 30a izanen dira, hurrenez hurren.
- Burlata: ikasturteko lehen eta azken egunak 2024ko irailaren 2a eta 2025eko uztailaren 14a izanen dira, hurrenez hurren.
- Corella: ikasturteko lehen eta azken egunak 2024ko abuztuaren 22a eta 2025eko uztailaren 11 izanen dira, hurrenez hurren.
2.–Ordutegi orokorra.
2.1. Haur Hezkuntzako lehen zikloko ikastetxeetako ordutegi orokorra ondoko baldintzen araberakoa izanen da:
a) Ikastetxea zabalik egonen da astelehenetik ostiralera, biak barne.
b) Erakunde titularrak ezarriko du ikastetxea irekitzeko eta ixteko ordutegia, bai eta sartzeko eta irteteko ordutegia ere, une desberdinetan. Horretarako, kontuan hartuko dira hezkuntzako langileen ordutegiak antolatzeko eta malgutzeko aukerak, taldeen funtzionamendu egonkorra eta horretarako araudian ezarritako ratioa betetzea, eta, ahal den neurrian, familien premiak.
c) Eguneko lanaldia antolatzeko ardatz izanen dira haurren jateko, garbitzeko eta lo egiteko erritmoak.
d) Sartzeko eta ateratzeko ezarritako ordu tarteetatik kanpo ezin izanen da ikastetxera sartu, arrazoi justifikatuekin izan ezik.
e) Haurrak zein modalitatetan (eskolaldi osoa, murriztua, erdia) dauden matrikulatuta ikasturte guztian, haren araberako ordutegia beteko du ikastetxeak.
f) Ikasturte hasieran haurren harrera aldirako plangintza egin beharko da, non, besteak beste, honakoak hartuko baitira kontuan:
- Harrera errazteko jarduera berariazkoak diseinatzea;
- Haur bakoitzaren beharrak aintzat hartzea;
- Familien partaidetza eta laguntza;
- Ikastetxeko ordutegiak eta antolakuntza malgutzea.
Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak onetsi beharko du harrerako aldi horren plangintza, eta ikastetxearen proposamen pedagogikoan sartuko da. Familiek plangintzaren berri izan beharko dute ikasturtea hasi aurretik.
2.2. Hezkuntza Departamentuaren mendeko haur eskolen ordutegia, gainera, baldintza hauen araberakoa izanen da:
a) Oro har, ikastetxearen ordutegia 07:30etik 16:00etara izanen da. Haurrak sartzeko ordutegia 07:30etik 09:30era izanen da, eta irteteko ordutegia 14:30etik 16:00etara izanen da. Ikastetxeko zuzendaritzak ezarriko du ordu-tarte bakoitzean zer langile behar diren.
b) Oro har, hezkuntzako langileek haurrei arreta zuzena emateko eguneko lanaldia 7 ordu eta 15 minutukoa izanen da.
c) Hezkuntzako langileen kasuan, urteko lanordu kopuruaren 35 ordu prestakuntzarako izanen dira. Horietako 15, gutxienez, ikastetxearen heziketa proiektua egiteko prestakuntzarako izanen dira. Gainerako prestakuntza-orduen dedikazioa ikastetxeko zuzendaritzak zehaztuko du, eta, nolanahi dela ere, proiektu horrekin lotutako prestakuntza izanen da.
d) Ikastetxeko zuzendaritzak zehaztuko du langileen gainerako orduak –urteko guztizko lanordu kopurura iritsi artekoak– nola banatu, haurrentzako zuzeneko arretako 204 egunak alde batera utzita, betiere.
e) Oro har, sukaldeko eta zerbitzuko orokorretako langileen eguneko lanaldia 7 ordu eta 40 minutukoa izanen da. Ikastetxeko zuzendaritzak zehaztuko du urteko guztizko lanordu kopurura iritsi arteko orduak nola banatu.
3. Proiektu pilotua: Haur Hezkuntzako lehen zikloko eskaintza, 2 urteko haurrentzat, Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoetan.
3.1. Haur Hezkuntzako lehen zikloa ematen den Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoetan, 2024ko irailaren 2a eta 2025eko ekainaren 30a izanen dira, hurrenez hurren, ziklo honetako ikasturteko lehen eta azken egunak.
3.2. Ikastetxe horietan Haur Hezkuntzako lehen zikloko haurrei arreta emateko ordutegia ikastetxearentzat onartutako ordutegia izanen da.
3.3. Oro har, hezitzaileek haurrei arreta zuzena emateko eguneko lanaldia 7 ordu eta 15 minutukoa izanen da.
3.4. Lehen zikloko hezkuntzako langileen kasuan, urteko zenbaketako 35 ordu, gutxienez, prestakuntzarako izanen dira, eta horietatik 15, gutxienez, Haur Eskolen Zerbitzuak proposatutako ikastetxearen hezkuntza-proiektua egiteko prestakuntzarako izanen dira.
3.5. Ziklo honetako hezkuntzako langileen gainerako orduen banaketa, urteko guztizko orduetara iritsi arte, haurrei arreta zuzena emateko egunak alde batera utzita, antolaketa-lanetan, familiekiko bileretan, hezkuntza-koordinazioan, materialen prestaketan edo beharrezkotzat jotzen diren beste zeregin batzuetan erabiliko da, eta ikastetxeko zuzendaritzak erabakiko du ordu horien banaketa.
3.6. Haur Hezkuntzako lehen zikloko haurrentzako harrera-aldia berariaz diseinatuko eta planifikatuko da ziklo horretarako, eta honako hauek barne hartuko ditu:
- Harrera errazteko jarduera berariazkoak diseinatzea;
- Haur bakoitzaren beharrak aintzat hartzea;
- Familien partaidetza eta laguntza;
- Ikastetxeko ordutegiak eta antolakuntza malgutzea.