0-3a arautzen duen 28/2007 Dekretu forala

https://www.lexnavarra.navarra.es/detalle.asp?r=5929403

28/2007 FORU DEKRETUA, MARTXOAREN 26KOA, NAFARROAKO FORU KOMUNITATEAN HAUR HEZKUNTZAKO LEHEN ZIKLOA ARAUTZEN DUENA ETA HORI EMATEN DUTEN IKASTETXEEK BETE BEHARREKO BALDINTZAK ETA ZIKLO HORREN HEZKUNTZA EDUKIAK EZARTZEN DITUENA

2. artikulua. Aplikazio eremua.

Foru dekretu honen aplikazio esparrua haur hezkuntzako lehen zikloa ematen duten ikastetxe publiko eta pribatuek osatzen dute, foru dekretu honetan ezarritako baldintza eta betebeharren arabera betiere.

Haur hezkuntzako lehen zikloa ematen ez duten ikastetxeek, erregulartasunez hiru urtetik beherako haurrei arreta ematen badiete, indarreko araudiak higieneari, hotsari, bizigarritasunari eta segurtasunari buruz ezartzen dituen baldintzak bete beharko dituzte.

13. artikulua. Definizioa.

Haur hezkuntzako lehen zikloko ikastetxeak dira 0 urtetik 3 urtera bitarteko haurrentzat hezkuntzako zerbitzu erregular bat ematen dutenak, hau da, zerbitzu jarraitu eta sistematikoa, foru dekretu honetan ezarritako baldintza eta betebeharrei jarraikiz.

Foru dekretu honen aplikazio esparrutik kanpo daude haur hezkuntzako lehen zikloa ematen ez duten aisia, arreta edo zaintzako zerbitzu edo establezimenduak. Establezimendu horiek aplikatu beharreko arauek ezartzen dutenak aginduko ditu, indarreko araudiak higieneari, hotsari, bizigarritasunari eta segurtasunari buruz ezartzen dituen baldintzak bete beharko dituzte eta ezin izanen dute hezkuntza esparrukoa dela aditzera ematen duen izena izan edo lehen hezkuntzako lehen zikloa ematen duten ikastetxeen izenarekin nahasgarri izan daitekeen bat.

15. artikulua. Egutegia eta ordutegia.

1. Lehen hezkuntzako lehen zikloaren eskaintzak ezinen du ekarri berarekin haurrak egunean 8 ordu baino gehiago edo urtean 11 hilabete baino gehiago egotea ikastetxean.

2. Hezkuntza Departamentuak egutegia eta ordutegia prestatzeko beharrezkoak diren arauak eta ikasturteko gutxieneko egun kopurua ezarriko ditu urtero, bai eta ikastetxe publikoetan ikasturtearen iraupena ere.

17. artikulua. Langileen titulazioa.

1. Haur hezkuntzako lehen zikloko haurrekin hezkuntza lanean zuzenean aritzen diren langileek Haur Hezkuntzako Maisu-maistra lanbiderako gaitasuna ematen duen gradu titulua, Haur Hezkuntzako espezializazioko Maisu-maistra titulua edo baliokidea, Haur Hezkuntzako goi mailako Teknikari titulua edo Estatuaren araudi oinarrizkoak ezartzen duena izan behar dute .

2. Nolanahi ere, haur hezkuntzako maisu-maistra titulua edo baliokidea den gradu titulua duen langile baten ardurapean egonen da proposamen pedagogikoa prestatu eta jarraipena egitea.

  • Zazpigarrena Xedapen Gehigarria. Titulazioak.

Foru dekretu honen 17. artikuluak aipatzen dituen titulazioak Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoa garatzeko Gobernuak ezartzen dituenak izanen dira.

  • Lehen Xedapen Gehigarria. Langile gaituak.

17. artikuluan aipatutako langileez gainera, zilegi izanen dute haur hezkuntzako lehen zikloa ematea 1996ko urtarrilaren 11ko Aginduan ezarritakoaren arabera gaitu diren langileek. Agindu horren bidez homologatu egin ziren Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako, Hezkuntza Bereziko eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lehen zikloko irakasleentzako espezializazio kurtsoak eta haur hezkuntzako lehen zikloko profesionalentzako gaikuntzakoak.

18. artikulua. Ratioak.

1. Aldi berean ari diren unitateen kopurua gehi bat izanen da aldi berean arituko diren langileen gutxieneko kopurua.

2. Ikastetxe bakoitzak zuzendaria izanen du, Hezkuntza Departamentuak zehazten dituen eginkizunekin.

3. Unitate bakoitzeko gehieneko haur kopurua:

a) Urte 1etik beherako haurrentzako unitateak: 8
b) Urte 1etik 2 urtera bitarteko haurrentzako unitateak: 12
c) 2 urtetik 3 urtera bitarteko haurrentzako unitateak: 16

4. Ikastetxearen antolaketak eskatzen duenean, adin desberdineko haurrak unitate batean bil daitezke, honako ratio hauek betez:

a) 0 eta urte 1eko haurrentzako unitateak: 8
b) Urte 1 eta 2 urteko haurrentzako unitateak: 14
c) Adin guztietako haurrentzako unitateak: 10