Zerbitzu Publikoetan Urriaren 25erako eta Abenduaren 19rako deituriko grebaren eta Azaroaren 30eko Greba Feministaren alde jarriko ditu LABek bere indarrak

882

STEILAS, ELAk eta CCOOk Hezkuntza Publikoan urriaren 24rako deituriko greba ez du babestuko LABek

Irailaren 15ean zerbitzu publikoetako ia sindikatu guztiok, funtzio publiko osoan bi egunetarako greba deialdia egin genuen. Batasuna, indarra eta elkarlanerako borondatea erakusten dituen irudia izan zen.

Gaur STEILAS, ELAk eta CCOOek EAEko hezkuntza publiko ez-unibertsitarioan deituriko grebak bestelako argazkia utzi digu. Zatiketaren irudia dira. Sindikatu hauen deialdiarekin, hezkuntza publikoko langileei greba egun bat gehiago egitea planteatu zaie.

Azken urteetan, Jaurlaritzak ez du behar bezalako apusturik egin zerbitzu publikoetan, murrizketak izan dira eta zerbitzuok ahulduz joan dira. Langileen eros-ahalmena bermatzeko eta sektore publikoan hedatzen joan den prekarietatea eta ezegonkortasuna mugatzeko ez da borondate politikorik egon. Akordioa eta adostasuna hitzetik hortzera darabilen Jaurlaritza, negoziazio kolektiboa ukatu duen Jaurlaritza izan da.

Eremuz eremuz ere, hezkuntzan, osasungintzan, zaintzarekin negozio egiten den zerbitzu pribatizatuetan, irrati publikoan… hainbat izan dira greba eta mobilizazioak, eta irailaren 15ean deituriko bi grebek argi uzten dute badirela oraindik ere bideratu gabeko hainbat aldarrikapen. Aldarrikapen batzuk, soldata igoera izanik horietan aipagarriena, Mahai Orokorrean adostu behar dira, eta beste batzuk dagokien Mahai sektorialean.

Hezkuntza publikoko langileok, “Publikoa, euskalduna eta propioa. Hezkuntza Legea langileokin eraiki” lemapean deituriko bi greba egunei esker, Hezkuntza Saila konpromisoak hartzera eta adostasunak lortzera behartu genuen. Konpromiso horiek, orain, mahai sektorialetan garatu eta gauzatu behar dira.

Hiru sindikatu hauen greba deialdiaren aldarrikapen gehienak orokorrak dira eta urriaren 25 eta azaroaren 19ko aldarrikapenetan txertatuta daude. Hor dago hezkuntza publikoko langileen borroka, sektore publikoko beste langileekin batera. Deialdi hauek indartzea da LABen ustez egin beharreko bidea; hezkuntza publikoko langile zein sindikatu guztien indarra sektore publikoko langile zein sindikatu guztien indarrarekin batzea, hezkuntzako zein sektore publiko osoko langileak pairatzen ari garen egoerari aurre egiteko.

EAEko Funtzio Publiko osoko greba eta mobilizazioak adosteko sindikatuen artean izan ditugun intersindikalean ez zuten adierazi hezkuntza publiko ez-unibertsitarioan beste greba egun gehigarri bat deitzeko asmorik zutenik; gerora landu duten deialdia izan da. LABekin adostasunak bilatzeko hasierako borondaterik ez dute izan eta LAB bazterrean uzten saiatu dira. Hezkuntza publiko ez unibertsitarioan beste greba egun bat gehiago deitzeko asmoa zutela jakin genuen momentutik, saiatu gara elkarlanaren alde egiten. Beste sindikatuei adostasuna bilatzeko proposamen zehatza egin diegu. Ez dute aintzat hartu eta LAB gabe aurrera jarraitzea erabaki dute.

Beste sindikatuei, hemendik eta urtarrilera bitarte, Funtzio Publiko osoan deituriko bi greba egun horiek zein Azaroaren 30eko Greba Feminista Orokorra landu eta aurrera ateratzeko elkarrekin indar egitera dei egin diegu. Funtzio Publiko osoan deituriko grebak lantzeko eta hezkuntzako aldarrikapen zehatzei tartea egiteko ikastetxeetan langile guztien arteko mobilizazio deialdiak egitea ere proposatu diegu. Bestalde, sindikatu honek Hezkuntza Sailarekin lorturiko Akordio Laborala elkarlanean osatu eta garatzeko eskua luzatu diegu. Orain da momentua, akordio horretan jasotako konpromisoak dagokion negoziazio mahai sektorialean zehaztasunetara eramateko. Negoziazio bide horrek emaitzarik emango ez balu eta behin Funtzio Publiko osoko bi greba egunak eta Azaroaren 30a pasa ondoren, greba eta mobilizazio berriak adosteko prestutasuna ere adierazi diegu.

LABek elkarlanari garrantzia ematen dio. Saiatu gara batasunean aritzeko proposamen konkretua egiten. Aldiz, beste hiru sindikatuek zatiketa lehenetsi dute. LABetik argi dugu funtzio publiko osoko greba egunaren aurretik eginiko deialdi berri honek zerbitzu publikoetarako lorturiko adostasuna, batasuna eta grebaren indarra ahuldu ditzakeela, eta arduraz jokatzea erabaki dugu. Elkarlanerako borondate faltak langileok ahultzen gaitu eta LAB beti saiatuko da egoera horiek gainditzen. Beste sindikatuen aldetik ez dugu horretarako borondaterik topatu.

Amaitzeko, berretsi nahi dugu gure apustua argia dela: gure indarrak Hezkuntzako Akordio Laboralaren garapenean, funtzio publiko osoan deituriko bi greba egunetan eta Azaroko Greba Feminista Orokorrean zentratuko ditugu.

Euskal Herrian, 2023ko irailaren 26an