STOP transfobia! Ez zarete pasako! Hezkuntza askatasunaren praktikatzat

1196

LABetik salatzen dugu beste behin ere Bernedoko udalekua aitzakiatzat erabili nahi izan dutela gorroto diskurtsoak zabaldu eta egunero zapaltzen gaituen sistemaren makinaria legitimatzeko.

Babestu-Proteger elkarteak Deustuko Bidarte udaltegian gaurko antolatua zuen ‘Bernedo: hezkidetza, hezkuntza afektibo-sexuala eta transgenerismoa’ hitzaldia bertan behera geratu da herri presioari esker.

Deustuko udaltegiak bertan egiteko baimenik eman ez arren antolatzaileek deialdiari eutsiko diote.

Halako hitzaldiekin haurren babesaren aitzakiapean diskurtso erreakzionario eta jarrera baztertzaileak hauspotu eta finean, patriarkatua eta heteroarauaren betikotzea sustatu nahi da. Ez dugu onartuko mezu faxistak zabal daitezen ez espazio publikoetan, ez inon.

Kontrara, gehiengoari inposatzen zaion erregimena erreproduzitu ez dadin normalitate eta arau sozial oro iraultzeko espazioak sortu nahi ditugu, ikasleak transfobia, homofobia edo xenofobiatik babestu beharrik ez izateko. Moralizazio eta puritanismoaren aurka, binarismoaren aurka eta heziketa transfeministaren alde.

LABek lanean jarraituko du hezkuntza sistema publikoa baliabidez hornitzeko exijituz; hezkidetza eta pedagogia feministak beharrezko tresnak dira pentsamendu kritikoz jardungo duten ikas-komunitateak eraikitzera bidean.

Hezkuntza arautu zein ez-arautuan mugez harago joatea kolektiboki irudikatzeko lanean dabiltzan hezitzaile eta irakasleei gure babes osoa adierazi nahi diegu. Udaleku zein ikasgelak aukerarako esparrurik erradikalenak izan daitezkeelako, hezkuntza askatasunaren praktika gisa ulertzen dugulako.

STOP-Transfobia-Ez-zarete-pasako