EAEko irakasleak: ekainak 14an mobilizazioak deitu ditu LABek

938

Ordezkoen lan-baldintzak defendatu eta hobetu! Ordezkoen araudi berria!

Datorren ikasturteari begira azken urteetan erabili izan den sistema alde batera utzi eta ordezkoen udako kobrantzari dagokionez ikasturtean zehar proposamena eraman zuen Hezkuntza Sailak mahai negoziatzailera, sindikatu guztiok baztertu eta indarrean ez dagoena.

Hezkuntza Sailaren proposamen horren arabera, ikasturtean zehar ordezkapenak egiten ibiliko diren ordezkoei, oporren likidazioa kontratu bakoitzaren amaieran egingo zaie, eta beraz, formula berri honek hainbat ziurgabetasun sortzen ditu garrantzitsuak diren kontuen inguruan: puntuazioa eta kotizazioa zein uztaila kobratzeko modua.

LABen aburuz, udako ordainketari dagokion auzia ordezkoen lan-baldintzak hobetu behar dituen araudi berri baten negoziazioaren baitan landu behar da, urritik aurrera abiatuko den lan hitzarmenari lotuta, ordezkoen araudi berri baten negoziazioaren baitan. Hezkuntza sailak bermatu beharra dauka ordezko langileek ez dutela eros-ahalmenean galerarik izango, eta lan egindako 165 egun aitortzen zaizkiela ordainsaria (apartekoak barne), puntuazioa eta kotizazioari dagokionez.

Honi gehitzen zaio Hezkuntza Sailak orain urte bat abuztuko oporren kobraketa dela-eta aldebakarrez ezarri zuen neurria, diskriminazio egoerak zeudelakoan ezarritakoa. LABek uste du neurri hau ere mahai negoziatzailean landu beharrekoa dela, izan ere, sindikatuoi ez digute oraingoz langileen harreman juridikoaren eta hauen jardunaldiaren araberako diagnostikoa aurkeztu eta diskriminazio egoerak zein diren adierazi. Diagnostiko horren gainean abuztuko oporraldien doiketa zertan oinarritzen den ezagutu nahi du LABek, langileen arteko diskriminazio egoera horiek identifikatu ahal izateko eta denentzako irtenbide egokiak bilatzeko. Zentzu honetan, ezinbestekoa deritzogu zaintza lanen ondorioz lanaldi partzialean ari diren langileentzako neurriak etorkizun hurbilean aztertu eta negoziatzea.

Guzti hau esanda, LABek ordezkoen lan-baldintzak defendatu eta hobetzeko aldarria egiten du eta ordezkoen araudi berria negoziatu dadila eskatu, besteak beste, hurrengoetan sakontzeko:

  • Ikasturte osoko ahalik eta kontratu gehien egitea, plaza bakanteez gain urte osoko lanaldian dauden horiek abuztuak 31 artekoak izanik, lanpostu hauen jabetza iraila bukaeran edo urri hasieran izanik ere; zerbitzu eginkizunetan ari diren ordezkoak, eszedentzien ordezkoak, liberazio sindikalen ordezkoak, …
  • Goian aipatu bezala, ordezko langileei 165 egunak aitortzea eta egun kopuru honetara iristen ez diren langileentzat ere neurriak aztertu eta adostea, udako egun kopurua era proportzionalean kontatuz.
  • Aurrekoarekin lotuta ostiraletako kontratu amaierak igandeetan izan daitezen aztertzea.
  • “Zerbitzuak aldi baterako etetea” (Suspension transitoria) delakoa birformulatzea, Osakidetzan bezala, zaintzagatik baimena duten langile hauei ZERBITZU AKTIBOAN daudela aitortuz. Arazo asko eta diskriminazioa sortzen duen egoera da hau, zerbitzu publikoetako gainerako sektoreetan ez dagoena.
  • 2024ko abenduak 31 arte, egonkortzeko salbuespen prozesu guztiak bukatu arte, egun dauden lan-poltsak mantentzea. Eta hiru urtetik hiru urtera, hau da, EPE prozesu batetik bestera bitarteko funtzionarioak edo ordezko irakasleak egonkortzeko egon litezkeen neurri gehigarriak aztertzea hauek egungo lan-poltsen araudia eta antzinatasuna urratu gabe.
  • Bateragarritasun legea gainditzea jardunaldi murriztua duten bitarteko funtzionarioekin eta kultur sortzaileekin, hauek kalte ekonomikorik izan gabe soldatan.
  • Bitarteko funtzionarioek karrerako funtzionarioek nola, borondatez lanaldia murrizteko aukera izan dezatela.

Honen alde borrokatuko da LAB, negoziazio mahaietan zein kalean!