Olabide Ikastolan kaleratzerik ez!

274

Olabide Ikastolak gastuak murriztu nahian zerbitzuen kudeaketa azpikontratatu eta bertako langileak kaleratu ditu.

LABek oso argi du arrazoi ekonomikoak aitzakiatzat jarrita, zerbitzuen kudeaketak azpikontratatzea edota zerbitzua bera azpikontratatuz langileak kaleratzea, ez dela ikastolako egoera ekonomikoari eman behar zaion irtenbidea.

LABek ikastoletan erakutsi du posiblea dela bideragarritasuna bermatzea langile propioak mantenduz inongo kaleratzerik gabe.

Orduan, zergatik Olabide Ikastolan ez da horrela izan?

Olabide Ikastolako Artezkaritzak ez du inongo asmorik izan bertako komitearekin gaia lantzeko. Erabakia hartu eta informatu baino ez du egin.

LABek, orokorrean, zerbitzu bat azpikontratatzea berez, merkeagoa dela zalantzan jartzen du eta argi du bertako langileek hobeto kudeatuko dutela zerbitzu hori. Olabide Ikastolako langile batek, langile propioa delako eta bere Ikastola sentitzen duelako, konpromiso handiago izango du kanpoko enpresa bateko langileak baino.

Oraingo honetan administrarien kudeaketa batzuk azpikontratatu nahi dituzte, baina nork ziurta dezake ez dela egoera hau berriro errepikatuko? Nork ziurta dezake honen ostean ez dela azpikontratazio gehiagorik ezarriko?

LABek aldarrikatzen du Ikastoletan lan egiten duten langile guztiak, lan-hitzarmen propioan jasotzen diren lan baldintzak hobeak izanagatik eta zerbitzuen kudeaketa hobea delako, ikastolako langileak izan behar direla.Ikastoletako lan-hitzarmena izanik langile guztien lan-baldintzen hobekuntzak borrokatzeko tresna delako.

Horregatik, LABek ez du kaleratze bat ere onartuko eta mobilizazio eta bide juridiko guztiak bultzatuko ditu langile hauek ikastolako plantillan berriro hartu arte.

Olabide Ikastolako Artezkaritzari argi esaten diogu: Gauzak beste era batean kudeatu behar direla eta LAB bidelagun izango duzue. Hala ere, zuen bidea kaleratzeak egitea baldin bada, LAB beti aurrean aurkituko duzue!