176/2021 Dekretuak udalerri jakin batzuei oinarrizko prestakuntza-zikloak emateko eskumen delegazioa ezartzen zuen. Dekretu horren arabera, delako delegazioa bost urtez luzatuko litzateke, epe hori 2025-2026 ikasturtearekin bukatuko delarik.
Oinarrizko Lanbide Heziketako zentroak dauden hainbat udaletatik langileekin hasi dira epe hori bukatuta etorkizuneko egoeraz hitz egiten. Beste udal batzuetan, aldiz, oraindik langileekin ez dira kontaktuan jarri. Eta, edozein modutan, langileon ordezkariak garen sindikatuok ez daukagu informazio zuzenik Oinarrizko Formakuntza Ziklo hauen inguruan.
Ez daukagu informaziorik udalek eskaintzen duten kasuan zerbitzuari eusteko apustua egingo duten, Hezkuntza Sailean integratzeko prozedura egingo duten eta langileekin zer irtenbide bilatuko den hauek lanpostua mantendu eta zerbitzuari eusteko.
Beraz, gure lehenengo eskaera Eusko Jaurlaritzari eta Eudeli zuzentzen diegu, udal hauen menpe dauden Oinarrizko Lanbide Heziketako zentroetako etorkizuna zein izango den argi esateko. Gardentasuna egon dadin eskatzen dugu; batetik, udaletara bideratzen den informazioan, eta bestetik, udal guztietan informazio berdina zabaltzea.
Kontrakoa egiteak nahasmena sortzen du eta kaltetuta dauden langileei mesfidantza eragiteaz gain, haien lan etorkizunaren inguruko segurtasun falta areagotzen die.
LAB sindikatuak argi dauka udalen menpe dauden Oinarrizko Lanbide Heziketa ematen duten profesionalak langile publikoak izan behar direla, udalek kudeatzen duten zerbitzu publiko bat ematen duten heinean.
Alta, zerbitzu hau beste era batera egituratzeko eta Jaurlaritzak bestelako asmorik balu, langileon ordezkariekin adostu beharrekoa dela aldarrikatzen du LABek, langile publikoen bidez eta ahalik eta modu deszentralizatuan antolatzeko zerbitzua. Lanbide Heziketako gainerako etapekin lotura zuzena izanik eta sare publikoan egituraturik. Euskararen murgiltze ereduan, inklusioan, ekitatean, doakotasunean, pedagogia feministan eta Euskal Curriculumean oinarritu eta kalitatezkoa den sare publiko berri bakarrean egituratuko litzatekeen Euskal Eskola Publiko Komunitarioaren baitan.
Beste aldetik, LABek ondo ikusiko luke, zentro hauetan sortu den egoerari irtenbide bat eman eta adostu bitartean, eta aipatutako informazio gardena eman bitartean, moratoria bat luzatzea.
Eta, edozein kasutan, Oinarrizko Formakuntza Zikloak zein horiek ematen dituzten langileek haien lanarekin jarraitzeko beharrezko finantziazioa eta beraiei dagozkien lan baldintzak bermatzea eta aplikatzea.
Batetik, LABek Jaurlaritzari eskatu dio bere asmoa gardentasunez adierazi dezan udalen menpe dauden Oinarrizko Lanbide zentro hauekiko eta honekin loturik leudekeen asmoak dagokion mahai negoziatzailean lantzeko. Eta bestetik, zain gaude EUDELekin biltzeko, besteak beste, galdetzeko gai honi dagokionez udalek zein informazioa daukaten eta zein jarrera hartuko duten.
Eta nola ez, langileei dagokien edozein neurri sindikatuon ordezkariokin partekatu eta adostu behar dituztela gogorarazteko.
INFO-2026-otsaila_Oinarrizko-Lanbide-Heziketa_EUS


