Nafarroako Hezkuntza Departamentuak Hezkuntza Itunarekin ere gutxietsi gaitu

316

Nafarroan Irakaskuntza Publikoaren Kalitatea Hobetzeko Ituna betetzen den aztertzeko eta honen jarraipena egiteko urriaren 19an egin genuen bilera hitzarmena sinatu genuen sindikatuok -LAB, Steilas, AFAPNA, ANPE, CCOO eta UGT- eta Nafarroako Gobernuak. Bilera hau eta gero salatu nahi dugu Hezkuntza Departamentuak, beste behin ere, gutxietsi egiten gaituela irakasleen lan-baldintzetarako oso garrantzitsuak diren aferak sindikatuekin negoziatu beharrean hartutako erabakien berri ematera mugatzen delako.

Ez da Departamentuak gutxiesten gaituen lehen aldia, ordea, irailean gauza bera gertatu baitzen lanaldi jarraituaren eta eskolaz kanpoko jardueren protokoloa ezartzean; jarduteko modu hori errepikakorra bihurtzen ari da, baina barkaezina. Ez dugu onartuko hezkuntza-arduradunek erabaki garrantzitsuak hartzen jarraitzea hezkuntza-komunitateko eragileak kontuan hartu gabe.

Ulertezina da Departamentuak partida ekonomikorik behar ez duten aferetan oinarritutako egutegia proposatzea Hezkuntza Itunaren negoziaziorako eta jarraipenerako; izan ere, 2022ko aurrekontuen onarpena dela eta, beharrezkoa da eragin ekonomikoa duten aferei arreta jartzea, aurrekontuak egiterakoan kontuan hartu ahal izateko. Hala eta guztiz ere, datozen bileretako gai-ordenean garrantzi horretako gairik ez egoteak eta, adibidez, adinagatik ordutegia murrizteko eskubidea -Itunaren II. ataleko 4. artikulua- ikastetxeetan erantzukizunak -zuzendaritza, buruzagitzak…- dituztenei ukatzeak islatzen dute kontseilariak Ituna betetzeko interesik ez duela.

Beste adibide bat da uztailaren 6ko 225/1998 Foru Dekretua, ikastetxe publikoetako irakasleen lanaldia eta ordutegia arautzen dituena, berritzea. Dekretu hau oso garrantzitsua da irakasleentzat, baina Departamentuak etengabe atzeratu egiten du hau berritzea -ikasturte honetan oraindik ez da landu, eta ez da aurreikusten horretarako aukerarik egongo denik-.

Gimeno kontseilariari gogorarazi nahi diogu Hezkuntza Ituna nahitaez bete beharrekoa dela, Foru Gobernuak sinatu zuelako eta 2018-2022 urteetan gauzatzeko konpromisoa hartu zuelako. LABetik adi egongo gara hala egin dezala exigitzeko.

Jatorrizko informazioa HEMEN.