Martxoaren 12ko zerbitzu publikoetako grebaren atariko, erregistroa eta elkarretaratzeak

457

ELA, LAB, CCOO, STEILAS eta ESK sindikatuek greba erregistratuko dute otsailaren 28an, eta martxoaren 5ean elkarretaratzeak egingo dituzte lan zentroetan

Sindikatuak salatu nahi dute erakundeek ez dutela pausurik eman sektore publikoko lan baldintzak eta zerbitzua hobetzeko, eta alderdiak interpelatzen dituzte bide horretan pausoak eman ditzaten.

Sindikatu deitzaileek grebaren prestaketarekin jarraitzen dute. Hori dela eta, datorren asteazkenean, otsailaren 28an, greba erregistratuko dute Eusko Jaurlaritzako Bilboko Lan Delegaritzan, eta segidan elkarretaratzea egingo dute 11:00etan. Egun eta ordu berean, elkarretaratzeak ere egingo dituzte Gasteizen Santiagoko Ospitalean eta Donostiako Foru Aldundiko Jauregiaren aurrean.

Horretaz gain, martxoaren 5ean elkarretaratzeak egingo dituzte lan zentro publikoetan. Horrela, langilek grebarekin bat egiteaz gain, beraien erakundeei eskatuko diete zerbitzu publikoen eta horiek ahalbideratzen dituzten langileen alde egin dezaten. Zehazki, honako eskaerekin:


• Estatutik datozen mugak ez onartzea, Madrilen inposiziorik eta betorik gabe
• %10eko soldata igoera, eta aurreko zorra berreskuratzeko konpromisoa
• Pribatizazioari atea itxi eta publifikazio planak adostea
• Enplegu publikoa sortzea eta kontsolidatzea, behin-behinekotasuna %8tik behera kokatuz
• Lan kargak arintzea, plantillen osasuna bermatuz.
• Politika feministak, berdintasun plan erreal eta eraginkorrak adostea.
• Administrazioak eta langileak euskaldundu.
• Jardunaldiaren murrizketa, 32 orduko lan astearen norabidean ipintzea.

2024ko otsailaren 20a