Beste behin borrokak merezi duela baieztatu dugu. Azken urteetan hamaika greba eta mobilizazio burutu ostean, azken biak pasa den urtarrilean eta hezkuntza publikoko greba ziklo honen otsaileko bi greba egunen atarian, Eusko Jaurlaritza posturaz aldatzera behartu dugu.
2026ko abenduaren 31a arteko iraupena duen Lan hitzarmena da eta indarrean jarraituko du berri bat sinatu arte.
Osotasunean berritu dugu, eta besteak beste, urteko lanaldian 100 orduko jaitsiera jasotzen da, lan zama arintzeko hainbat neurrirekin batera. Honetaz gain, ikasturtean 6 jai egun gehiago izango ditugu 2025-2026 ikasturtetik aurrera. Erosahalmena berreskuratzeri dagokionez, kudeaketa alorreko langileen soldatak administrazio orokorrekoekin parekatuko dira, osagarriak eguneratu eta gizarte funtsa eta formakuntza funtsak lortu ditugu. Aseguruen primak igo eta lana eta bizitza uztagarri egiteko hainbat lizentzia eta baimen berri lortu ditugu, Hezkuntza saileko hezitzaileek dituztenekin parekatuz. Lan osasunean hobekuntzak, berdintasun protokoloak eta formakuntzan hobekuntzak jaso dira. Hobekuntza hauei batu behar zaizkie iaz lortutako bi akordioak ere, negoziaketa honen baitan eginak eta orain, lan hitzarmenean txertatuak.
Hezitzaileen lanpostuen zerrenda 64 lanpostutan handituko da, behin behineko kontratu kopuru hori estrukturala bilakatzea lortu dugulako eta beste horrenbeste lortuko ditugu negoziazio honen ondorioz. Gainera, behin behinekotasun tasa gehienez %5era mugatzea jasotzen da eta hurrengo oposizio eredua negoziatu eta adostea. Ordezkoen araudi berria adostea eta lan hitzarmenean jasotzea lortu dugu, baita behin behineko lanpostuak telematikoki betetzeko aplikazioa (ordezkagunea) 2025eko irailaren 1etik martxan jarriko dela jasotzea ere.
Bestalde, garaipen honek ez die soilik lan baldintzei eragiten, haurrei ematen diegun hezkuntza zerbitzuan eragina izango du, 0-3ko dekretuak zehazten dituen ratio murritzak alboratu ditugulako. Askoz hobeak diren eta gaur egun Partzuergoan aplikatzen direnak jasotzea lortu dugu, hilabete honetan bertan negoziatuko diren plantillak esleitzeko irizpideak zehaztu bitartean. Irizpideak negoziatzeko egutegia eta berau negoziatzeko aldagaien dokumentua sinatu da, funtsezko aldagaiak kontuan hartuz.
Lanean jarraituko dugu, Haurreskolak Partzuergo publikoa ardatz, 0-3aren udal eskaintza bateratua lortu arte!
Haurreskolak Partzuergoaren doakotasuna lortu genuen bezala, unibertsaltasuna lortuko dugu, Euskal Eskola Publiko Komunitarioa iruten.
Borrokak merezi du! Zorionak Haurreskolak Partzuergoko langile guztioi!
Euskal Herrian, 2025eko otsailaren 10ean
Lan Hitzarmen berria osorik irakurtzeko: Klikatu hemen
