Langileok hezkuntza legean eragiteko aukera irekitzea lortu da

482

LABek kezkaz eta harriduraz hartu du sindikatu batzuek aukera hori baliatu nahi ez izatea

Hezkuntza Sistemak behar dituen eraldaketa sakonak bultzatzeko langileak ezinbestekoak gara. EAEn Hezkuntza Legearen eztabaida ireki zen momentutik, LABek argi esan izan du, bere hastapenean prozesu honek bi hutsune nagusi izan dituela. Batetik, hezkuntza komunitatea osatzen dugun sindikatuokin eztabaida eta adostasunak bultzatzeko ez da inolako gunerik egon eta gure ustez, eremu politikoan lortu daitezkeen adostasunetara mugatzea ez da nahikoa. Bestalde, langileen lan baldintzak hobetzearen inguruan ez zen ezer jasotzen.

Modu baten edo bestean, sindikatu guztiok bat egin dugu ideia hauekin. Gogoratu behar da, Hezkuntza Legea Langileokin eraiki behar dela aldarrikatu izan dugula.

LAB lehen sindikatua da hezkuntza publikoan eta Ikastoletan. Mahai Sindikal baten beharra azpimarratu izan du hezkuntzako langileen lan baldintzen inguruko oinarrizko adostasunak erdiesteko eta Hezkuntza Legea hobetzeko ekarpenak egin ahal izateko. Mahai sindikalean landutako gai laboralak, negoziazio eremu bakoitzeko aldarrikapen zehatzagoekin batera, mahai sektorialetan garatu beharko lirateke hemendik aurrera, mahai sindikal honek ez baitu inolako negoziazio mahairik ordezkatuko.

Mahai hau, Hezkuntza eta sindikatuen arteko foroa da. Ez du zerikusirik, LABek begi onez ikusten ez duen eta Legean jasoa dagoen Aholku Batzordearekin. Ez dugu partekatzen, itunpeko patronalekin langile publikoez hitz egitea edo itunpeko langileez Kristau Eskola eta Ikastoletako zuzendaritzekin aldi berean hitz egitea ere.

Greba eta mobilizazioek Hezkuntza Saila mugiarazi dute eta Mahai Sindikala deitu behar izan du. Sindikatuok, ekarpenak egin eta akordioak erdiesteko, orain arte ez zegoen eztabaida gune bat sortu da sindikatuen arteko mahaiarekin eta honek bide bat ireki du hurrengo urteetarako hezkuntzako langile guztion -publikoak, ikastoletan eta gizarte ekimeneko ikastetxeetakoak zein azpikontrataturik daudenak- lan-baldintzetan eragiteko. Mahai negoziatzaile bakoitzean lan-baldintza hobeak lortzeko aukerari ekiteko. Hezkuntza Legea langileokin eraikitzeko aukera irekitzea lortu da, zalantzarik gabe egindako greba eta mobilizazioak izan dira horretarako giltzarri. Hori dela eta, kezkaz eta harriduraz ikusi dugu, sindikatu batzuek, aukera hori baliatu nahi ez izatea.

Bileraren gai zerrendan langileontzat oso garrantzitsuak diren gaiak jarri dira eztabaidagai: saren publiko langileen enplegua mantentzea, egonkortasuna (behin-behinekotasuna %5tik igoko ez dela bermatzeko neurriak), soldatak eta euskalduntzea; azpikontratatutako zerbitzuak; itundutako sareko langileen sarbidea, homologazioa edo publifikaziorako araudia esaterako.

Ulergaitza da, mahai sindikalak bere bidea egin dezan oztopatzea eta berriro ere prozesuaren hasieran salatu izan dugun puntu berera bueltatzea. Hau da, sindikatuokin eratu beharreko eztabaida markorik gabe geratzea. LABetik jarraituko dugu honelako eztabaida marko orokorrean beharra defendatzen, negoziazio mahaisektorialetan langileen lan baldintzak hobetzen eta bai Hezkuntza Legea hobetzeko ekarpenak egiten. Bai beharrezkoa denean mobilizazioak bultzatzen ere.