Lanbide Heziketako, Arte Plastiko eta Diseinuko Lanbide eta Kirol Irakaskuntzetan salbuespenezko neurriak ezartzen dituen Foru Agindua gaitzesten dugu

513

LABek gaitzetsi egiten du maiatzaren 17ko 51/2021 Foru Agindua, zeinaren bidez salbuespenezko neurriak hartzen diren Nafarroako Foru Komunitateko Lanbide Heziketako irakaskuntzetan, Arte Plastikoetako eta Diseinuko Lanbide Irakaskuntzetan eta Kirol Irakaskuntzetan

LAB sindikatuak Nafarroako Hezkuntza Departamentuan instantzia bat aurkeztu zuen joan den otsailean non, besteak beste, urtarrilean argitaratu zuten Foru Aginduaren proiektua salatu zuen. Azkenean, Foru Agindu hau ekainaren 14an argitaratu zuten.
LABen ustez, ez da egokia Hezkuntza Departamentuak irailaren 29ko 31/2020 Errege Lege Dekretuan ezarritako Nafarroako Foru Komunitateko Lanbide Heziketako Irakaskuntzetan, Arte Plastikoetako eta Diseinuko Lanbide Irakaskuntzetan eta Kirol Irakaskuntzetan Covid-19k eragindako osasun alertako egoeragatik salbuespenezko neurriak hartzen dituen Foru Agindu bat argitaratzea, aurretik, Lanbide Heziketako ikastetxeetako Departamentuekin eztabaida bat egin gabe (iradokizun epe labur bat ireki zen otsaileko 10etik martxoko 2ra arte). Zalantzarik gabe, pandemiak eragindako egungo egoera dela eta, komeni da lantokiko prestakuntza arautzea, baina ez dugu ulertzen arau hori ekainaren 14an argitaratu izana, ikasleek martxoan praktikak egin zituztenean.
Era berean, LABek uste du ez dela egokia Lanbide Heziketako Zuzendaritza Nagusiko Lanbide Heziketako Plangintza eta Berrikuntza Zerbitzuak Lanbide Heziketako titulazioak eman nahi izatea ziklo bakoitzari dagozkion modulu guztiak gainditu ez dituzten ikasleei. Gure ustez, kaltegarria da dagokion heziketa-zikloko titulazioa ematea, baldin eta ikasleek moduluren bat suspenditu badute. Salbuespenezko neurri horiek egokitzeko Foru Agindua egitean, ez da kontuan hartu ikasleek modulu bakoitzeko ordu teoriko-praktiko guztiak aurrez aurre jaso izana inolako arazorik gabe, eta hori gertatu egin da.
Foru Aginduak adierazten duenez, “tituluaren edo programaren konpetentzia orokorra eskuratutzat joko da lanbide-modulu guztiak gaindituta daudenean edo bostetik beherako kalifikazioa duen modulu bakarra dagoenean; testuinguru horretan, gainditu gabeko lanbide-modulu hori gainditu ahal izango da ‘konpetentziak konpentsatzeko’ mekanismoaren bidez”. Hala ere, LABek uste du irakasleek aurrez aurre eta normaltasunez eman dituztela eskolak, eta ikasle guztiek jaso dituztela beren prestakuntzarako modulu guztiak. Hori dela eta, zentzugabekeria da ikasleek modulu bat etenda duen heziketa-ziklo bat gainditu ahal izatea.

Jatorrizko albistea: HEMEN.